Ekonomia -

Lan-gatazka

Patronalak eta sindikatuek Gipuzkoako metalaren lan-hitzarmena berritu dute

10 urteren ostean, Adegik, ELAk, LABek eta CCOOk 40.000 langileri eragiten dien lan-hitzarmena berritzeko akordioa lortu dute.

Metaleko langileak. Argazkia: EiTB
Metaleko langileak. Argazkia: EiTB
Metaleko langileak. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adegi patronalak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako metalgintzaren lan-hitzarmena berritzeko akordioa itxi dute. 40.000 langileri eragingo die herrialde osoan, hiru urteko iraupena izango du, eta eragin orokorrekoa izango da.

UGTk sinatu ez duen akordio horri esker Gipuzkoako lan-hitzarmen garrantzitsuena berrituko da 10 urteren ostean, COVID-19ak zaildutako negoziazioak tarteko.

Adegik eta ELAk duela 15 egun sinatutako aurreakordioaren arabera, gutxienez beste sindikatu batek sinatu behar zuen eraginkortasun orokorra izateko.

Berdintasunaren alde sartu dituzten neurriei esker lortu dute LABek eta CCOOk ere bat egitea eta sektorearen lan-hitzarmena berritzea. Hala, 2010-2011koa sinatu zen baldintza beretan sinatu dute azkeneko hau ere.

Hala, berdintasunaren alorrean, aurrerantzean "enpresek legeak agindutakoa baino informazio gehiago eman beharko dute, eta epe jakin batzuetan", eta baimenen kasuan, ez da derrigorrezkoa izango elkarrekin bizitzea; soldaten aldaketa kolektiboak soilik akordio bidez egin ahal izango dira; eta Gipuzkoako lan-hitzarmenak lehentasuna izango du Espainiako Estatukoaren aurrean.

Berdintasun Batzordea martxan jartzea ere adostu dute; izan ere, 2007-2009 lan-hitzarmenean sinatu zuten sorkuntza Adegik, LABek, CCOOk eta UGTk, baina "ez da jarduerarik izan" 13 urte pasa eta gero.

Adegik azpimarratu du akordioa "historikoa" dela, eta "negoziazio prozesu eredugarriaren" ondorio dela, "gatazkarik gabe, azkar, eta bi aldeen jarrera positiboarekin, konfiantza ariketaren erakusgarri".

Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatua "oso gustura" agertu da adostutako edukiekin, "Gipuzkoako metalaren lan-hitzarmena erreferente" izango delako.

Aitortu du ez dela "negoziazio erraza" izan, eta "ELAk onartutako edukiei beste sindikatu batzuk batu izanak akordioaren garrantzia historikoa" uzten duela agerian. % 9,6ko soldata igoerak eta lan-erreformen aurkako "babesa" jasotzen ditu akordioak.

LABek, bestalde, adierazi du "ardura ariketa bat" egin dutela, eta subrogazio eta berdintasun alorretan emandako aurrerapausoak goraipatu ditu, baimen batzuen hobekuntzarekin eta soldaten eguneraketarekin batera.

Hala ere, onartu du lan-hitzarmenean gai batzuk ez direla "behar den bezala" agertuko, tartean "lanorduen murrizketa edo aldi baterako ezintasunen osagarriak". Horregatik, "borrokan jarraitzeko" eta "lan eremuan" hobekuntzak lortzen saiatzeko konpromisoa hartu du.

CCOOk begi onez jo du "patronalaren mugimendua Gipuzkoako metalgintzako langile guztien lan-hitzarmena lortzeko", eta "10 urte baino gehiago" pasatu direla gogorarazi du.

Akordioa "ona" den arren, CCOOk uste du "lan-hitzarmen hobea posible" zela "ELAk gainerako sindikatuekin negoziatzeko eta mobilizatzeko prestutasuna izan balu, patronalak mahai gainean jarri zion lehenengo proposamena sinatu beharrean".

UGTk, berriz, ez du akordioa sinatu, eta Adegik gaur egindako ekarpenak "adar jotzea" direla salatu du. Era berean, % 9,6ko igoera, 10 urtez lan-hitzarmena berritu gabe egon ostean, urteko % 1eko igoeratik beherakoa dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA LAB EAE albisteak Lana Adegi Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO Lan gatazkak azken ordukoa Industria Metalgintza albisteak