Ekonomia -

NEGOZIAZIOAK

Agoizko lantegirako aukeraren bat aztertzen ari da Siemens Gamesa Nafarroarekin

Andreas Nauenek aurreratu du etorkizunean aukera bat egon daitekeela lantegi horretarako, eta zentro teknologikoekin eta beste hornitzaile batzuekin lanean ari direla.

Siemens Gamesaren lantegia Agoitzen. Irudia: EITB.
Siemens Gamesaren lantegia Agoitzen.
Siemens Gamesaren lantegia Agoitzen. Irudia: EITB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andreas Nauen Siemens Gamesako kontseilari delegatuak ostegun honetan aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari dira Agoizko lantegia "suspertzeko", izan ere, aerosorgailuen ekoizleak palak ekoizten zituen eta uda honetan ixtea erabaki zuen.

"Baliteke lantegi horretan etorkizunean aukera bat egotea, gure zentro teknologikoarekin eta beste hornitzaile batzuekin lanean ari gara", esan du Nauenek prentsaurreko telematikoan, 2020ko ekitaldiaren itxieraren harira; izan ere, konpainiak 918 milioi euro galdu zituen.

Helburua "egoitzak ditugun tokietarako" etorkizun bat sortzea da. "Edo bakarrik egiten dugu, edo gobernu erregionalarekin edo beste bazkide batzuekin batera ", gaineratu du.

Doikuntza gehiago egongo dira onshore ekoizpen-ahalmenean

Abuztuan, Siemens Gamensak Agoizko instalazioak itxi egingo zituela iragarri zuen, 240 langilerekin, eta bi hilabete geroago Somozaseko (Coruña) lantegian inbertsiorik ez egiteko asmoa azaldu zuen.

Espainiako ekoizpen ahalmenean doikuntza berriak egiteko aukerari buruz galdetu diotenean, ohshore (lurreko eolikoa) negozioa berregituratzeko lanean jarraitzen dutela azaldu du, errentagarritasuna bolumenen gainetik jartzeko, eta horrek "doikuntzak egitera" behartuko duela, nahiz eta oraindik ez duten erabaki berririk hartu.

"Ezin dut Somozasi buruzko erantzun bat aurreratu, baina argi dago Siemens Gamesa berriro ere lehiakorra izan dadin erabakiak hartu beharko ditugula", aitortu du Nauenek, baina aurten bertan Espainian egingo diren enkanteen baldintzak ikusi beharko direla gaineratu du.

Nauenek ziurtatu duenez, konpainia "Espainiarekin konprometituta" dago, bertan baitu egoitza eta bere zentro teknologikoak, eta gaineratu du Estatuan ekoizten jarraituko dutela, eta Gobernuak eta Europak martxan jarritako finantzazio mekanismo guztiak aztertzen ari direla, horiek eskatzeko unea iristen denean hala egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa gaur Siemens Gamesa Renewable Energy Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea