Ekonomia -
Errenta Kanpaina
Errenta Kanpaina amaitu da Araban, onlineko aitorpenen bikoitza baino gehiagorekin
Arabako Foru Ogasunak 133,3 milioi euro itzuli ditu kanpaina honetan, eta 98,3 milioi euro jasoko ditu guztira.
eitb.eus
2019ko ekitaldiari dagokion Arabako Errenta Kanpaina inoizko kanpainarik digitalena izan da, zergadunek eurek Internet bidez egindako aitorpenak % 126 igo baitira.
Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak jakitera eman duenez, ia hirukoiztu egin dira mota horretako aitorpenak, eta guztira 15.768 zergadun animatu dira Rentared modalitatea erabiltzera, zeinek aukera ematen baitzien beren aitorpena ordenagailutik egiteko.
Kanpaina "normaltasunez" joan da, "egoera zaila izan den arren". "Kutsadurarik gabe, jende pilaketarik gabe eta emaitza oso positiboarekin", azpimarratu du Gonzalok.
"Internet aukera bat eta era bat izan da, batez ere konfinamenduaren asteetan, zergadunei aitorpena erraz eta azkar egitea ahalbidetu diena", gogorarazi du foru diputatuak.
Ildo horretan, "pandemiak proban jarri gaitu Errenta Kanpaina honetan, baina Foru Ogasunak eta herritarrek eurek aise gainditu dute proba", gaineratu du.
Itziar Gonzalo Errenta Kanpainaren balantzearen aurkezpenean. Argazkia: arabapress.eus.Era berean, Rentafacileko (Ogasunak aldez aurretik egin eta etxera bidaltzen dituen aitorpenak) onarpen telematikoak handitu egin dira. Zehazki, 41.142 zergadunek onartu dute zirriborroa Internet bidez, eta 11.561ek mugikorretik zuzenean. Ildo beretik, nabarmen egin du gora zergadunen kontsulta telematikoen kopuruak, 10.150 guztira (iaz baino hiru aldiz gehiago). Datu ekonomikoak
Balantze ekonomikoari dagokionez, nabarmendu behar du kanpaina honetan Arabako Foru Ogasunak 133,3 milioi euro itzuli dituela eta 98,3 milioi euro jasoko dituela.
Era berean, zergadunei itzuli beharreko saldoa hazi egin da, tarifaren deflatazioaren (% 1,5) eta zerga kenkari sozialen igoeraren ondorioz. Guztira, 161,6 milioi euroko kenkariak izan dituzte arabarrek.