Ekonomia -
Haurren mundu eguna
COVID-19agatik pobretutako familientzako laguntza gehiago eskatu ditu Unicefek
EAPN Euskadi eta Astialdi Sarea ere batu dira eskaerara. Euren ustez, "azken hilabeteetan inoiz baino familia gehiago txirotu dira oso denbora gutxian".
Agentziak | Erredakzioa
Unicef, EAPN Euskadi eta Astialdi Sarea taldeek laguntza gehiago eskatu diete erakundeei COVID-19ak pobretutako familiei zuzenduta.
Hiru erakundeek idatzi bateratuta izenpetu dute azaroaren 20an ospatzen den Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren harira. Gogorarazi dutenez, Euskadin "18 urte beherako ume eta nerabeen % 26 (93.000 baino gehiago) pobrezia edo bazterketa sozialaren arriskuan daude".
"Krisiak lan merkatuan izan duen eragina tarteko, esan behar dugu inoiz ez direla hainbeste familia pobretu hain denbora gutxian", nabarmendu dute.
Hala, COVID-19ak haurrengan eta nerabeengan, batez ere zaurgarrienetan, eragindakoa "zorroztasunez aztertzeko" eta estrategia global bat ezartzeko deia egin dute.
Taldeon hitzetan, "seme-alaba adingabeak dituzten familiek jasotzen dituzten larrialdiko laguntza sozialak indartu beharko lirateke, haurrei zuzendutako hezkuntza programak sendotu eta etxebizitza duinak bermatu".
Era berean, udalerri eta auzoetan haurrei eta nerabeei zuzendutako aisialdi ekintzak egotea garrantzitsutzat jo dute, baita indarkeriaz babesteko espazio seguruak eratzea ere. Azkenik, adingabeen benetako parte hartzea sustatu behar dela uste dute.