Ekonomia -

OSAKIDETZA

Euskadik prestakuntza espezializatuko egoiliarren inoizko eskaintza handiena egin du

Osakidetzak 490 plaza izango ditu 2021erako, duela sei urte baino % 59,6 gehiago.

Osakidetzako erizainak. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Osakidetzako erizainak
Mediku egoiliarrentzako inoizko lan eskaintzarik handiena atera du Osakidetzak

0:49

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak 490 plaza izango ditu 2021erako graduondoko espezialitateko osasun-prestakuntzarako, hau da, iaz baino 28 plaza gehiago eta duela sei urte baino % 59,6 gehiago. Osasun Sailak inoiz egin duen prestakuntza-eskaintzarik handiena da, eta gorakadarik handiena Estatu osoan.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu duenez, garrantzitsua da prestakuntza-plazak gehitzea, "profesional sanitarioen belaunaldi-ordezkapenean aurrera egitea ahalbidetuko duelako". Gainera, igoera handiena Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan islatzen dela adierazi du sailburuak, Osasun Sailarentzat "lehentasunezkoa" den asistentzia-eremuan. "Prestakuntza-plazen gehikuntza horrek erretiro bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteak prestatzeko eta gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizarte baten erronken aurrean osasun-sistema prestatzeko balioko du", azaldu du.

Lehen Mailako Arretan eskaintzen dira plaza gehien, Osasun Sailak laguntza-eremu hori indartzeko estrategiarekin eta legegintzaldi honetarako esparru estrategikoaren edukiarekin ezarritako ildoari jarraituz. Zehazki, eskainiko dituen plaza guztien (490 plaza) laurdena (109 plaza) Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitaterako izango dira. Familia eta Komunitate Erizaintzako espezialitateari dagokionez (34 plaza), eskaintza % 54,54 handitu da aurreko deialdiarekin alderatuta.

Osasun Sailak eskaera egin ondoren, plazen gehikuntza BOEn argitaratuko da abenduaren lehen hamabostaldian. Zehazki, Euskadiko 2020-2021 deialdirako, plazen banaketa honako hau izango da:

· BAME medikuntzako 379 plaza; 2014/2015ean baino 118 gehiago (% 45,21)

· BAFE ospitaleko farmaziako 5 plaza; 2014/2015ean baino 1 gehiago

· BAPE psikologia klinikoko 9 plaza; 2014/2015ean baino 4 gehiago (% 80)

· BAEE erizaintzako 97 plaza; 2014/2015ean baino 55 plaza gehiago

Azken batean, Euskadik prestakuntza espezializatuko 490 plaza izango ditu, aurreko urtean baino % 6,06 gehiago, lurraldeka banatuta: 270 Bizkaian, 119 Gipuzkoan eta 101 Araban.

Prestakuntza hori irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 16 zentro eta unitateetan izango da: 7 ospitale-zentro, 2 irakaskuntza-unitate, lanbide anitzeko 4 irakaskuntza-zentro eta erizain espezialistentzako 3 irakaskuntza-unitate. Zehazki, Euskadin, guztira, familiako eta komunitateko arretarako lanbide anitzeko 3 irakaskuntza-unitate daude guztira; lurralde historiko bakoitzeko bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza gaur