Ekonomia -

Urte berrian

Gasa eta freskagarriak, garestiagoak 2021ean; pentsioek gora egingo dute

Lanbide arteko gutxieneko soldatan ez da aldaketarik izango: hilean 950 euro gordinekoa izango da. Gasa ia % 6 igoko da, eta freskagarrien BEZa % 21eraino haziko da.

Hainbat gairen prezioa pixka bat aldatuko da urte berrian. Argazkia: EFE.
Hainbat gairen prezioa pixka bat aldatuko da urte berrian
Hainbat gairen prezioa pixka bat aldatuko da urte berrian. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021ean, gasa ia % 6 igoko da, eta freskagarrien BEZa % 21ean kokatuko da. Pentsioen eta soldata publikoen balioa % 0,9 handituko da, aurreikusitako inflazioa bezala, eta lanbide arteko gutxieneko soldatan ez da aldaketarik izango: hilean 950 euro gordinekoa izango da.

Zerga-pentsioek % 0,9 egingo dute gora, eta gainerakoek, hau da, ordaindutakoaren araberakoak ez direnek, % 1,8. Igoera horiek ia 8,9 milioi pentsiodunei eragingo diete; langile publikoen soldata % 0,9 haziko da, eta horrek 2,6 milioi langilerengan izango du eragina.

Lanbide arteko gutxieneko soldata (bi milioi langileri eragiten die) hilean 950 euro gordinekoa izango da, 2020an bezalakoa. Baliteke 2021erako beste zenbateko bat izatea, gizarte-elkarrizketaren testuinguruan hala adostuko balute.

20 gramora arteko gutun bat bidaltzeko, Estatuaren barruan eta gutuna ohikoa bada (hots, gehien erabiltzen den produktua), herritarrek 5 zentimo gehiago ordaindu beharko dute urtarrilaren 1etik; hortaz, Correosek asteazken honetan jakitera eman duenez, horrek 0,70 euro balio izango du.

Nazioarteko gutunak eta posta-txartelak bidaltzeko (ohikoak eta 20 gramora artekoak), 1,50 euro ordaindu beharko ditugu, Europara bidali nahi izatekotan (Groenlandia barne); 2020an, 1,45eko prezioa izan du horrek. Gainerako herrialdeetara bidaltzeko, aldiz, 1,60 euro eman beharko ditugu (2020an 1,55). Salbuespenak dira Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Australia, eta Zeelanda Berria; izan ere, herrialde horietara gutuna bidaltzeak 1,90 euroko zenbatekoa izango du (2020an, 1,55ekoa).

Gas naturaleko azken baliabideko tarifak

Gas naturaleko azken baliabideko tarifek % 5,97ko batez besteko igoera izango dute. Etxeko erabiltzaileek bereziki baliatu ahal dituzte tarifa horiek, hau da, urtean 50.000 kilowatt-ordutik beherako kontsumoa duten erabiltzaileek.

Urte berriko lehen hiruhilekoan izango den igoeraren arrazoia da nazioarteko merkatuetan lehengaiak igoera nabarmena izan duela; urriaren 1etik, aurreko eguneratzearekin alderatuta, % 21,7 igo da, hain zuzen ere.

Igoera hori gorabehera, urteko fakturak, azken baliabideko tarifa berriarekin, batez besteko erabiltzaile batentzat, % 2,3 eta 5,2 artean egingo du behera 2020ko urtarrilekoarekin alderatuta; ehunekoa desberdina da erabiltzaileak duen azken baliabideko tarifaren arabera.

Edari azukratuen eta edulkoratuen BEZa % 10etik 21era igoko da; hau da, murriztutako BEZa izatetik, BEZa orokorra izatera igaroko dira. Esne-edarien BEZa, aldiz, ez da igoko.

Laneko errentei dagokienez, 300.000 eurotik gorakoak direnean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren tasak bi puntu egingo du gora (% 47ra arte). Errentak 200.000 eurotik gorakoak direnenean, aldiz, hiru puntu haziko da tasa hori (% 26ra arte). 36.000 bat zergaduni eragingo diete bi neurri horiek.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako gehienezko murriztapena pentsio-planetarako ekarpenengatik 8.000 eurotik 2.000 eurora jaitsiko da, banakoetan, eta enpresetako planetan, aldiz, gora egingo du, 8.000tik 10.000ra. Aseguruko primetako zerga, bitartean, bi puntu igo da, % 6tik 8ra.

Ondare-zergaren tasa maximoak puntu bat egingo du gora (% 2,5etik 3,5era) 10 milioi eurotik gorako ondasunetarako; sozietate-zerga, berriz, % 100etik %95era murriztuko da, dibidenduen zerga-ordainketaren salbuespenean eta kanpoko filialetako gainbalioetan.

Urtarrilaren erdian, zerbitzu digital jakin batzuei eragingo dien zerga berria sartuko da indarrean; teknologia-enpresa handiak % 3 zergapetuko ditu horrek, publizitatean, onlineko bitartekotzan eta datuen transmisioan izandako diru-sartzeei dagokienez.

Data horretan bertan, finantza-transakzioen gaineko zerga ere sartuko da indarrean; % 0,2ko karga ezarriko du 1.000 milioitik gorako burtsa-kapitalizazioa duten espainiar enpresen akzioen salerosketan.

Efektu askotariko errentako adierazle publikoak % 5 egingo du gora, eta 564,73 eurotan kokatuko da. 2011tik ez da aldatu (2017an izandako % 1eko igoera kenduta), eta gizarte-laguntzak, bekak eta sorospenak kalkulatzeko balio du.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak % 1,8 egingo du gora; izan ere, ordaindutakoaren araberakoak ez diren pentsioen bilakaerarekin dago lotuta. Horrek ekarriko du hilean, gutxienez, 8,3 euro gehiagokoa izango dela diru-laguntza hori, 469,8 eurokoa; maximoa, aldiz, 18,3 euro haziko da, hilean 1.033,6 eurora arte, hamabi ordainketatan.

Urtarrilaren 18tik aurrera, Telefonicak 2-3 eurotan igoko du hileroko kuota fusio-tarifetan, azaroan iragarri zuenez. Gainerakoan, linea finkoa barne, ez da igoerarik izango.

Gainerako operadoreei dagokienez, batzuek aurreko hiruhilekoan ezarri zuten igoera, eta beste batzuek, oraingoz, ez dute argitu etorkizunean zer egingo duten.

Pandemiak eragin handia izan du bidaiarien aire-garraioan. Enairek, 2021ean, berriro ere murriztuko ditu nabigazio-tasak: penintsulan, % 11 jaitsiko dira bide-tasak (2020ko 51,08 euroetatik, 20201eko 45,44etara), eta % 8,5 Kanarietan (43,73tik, 40ra).

Aire-nabigazioko Espainiako gestoreak azaldu duenez, murrizketa horrek aire-zirkulazioaren susperraldian emango du laguntza; izan ere, historiako krisirik handiena du, covid-19aren ondorioengatik. Aireko bidaien enpresetako zenbatekoak murriztu egiten ditu, eta txartelen prezioak jaisten laguntzen du. 2018an, 2019an eta 2020an ere, murriztapenak izan ziren.  

Enaire bide-tasaren lehiakortasunak hobera egin du, Europako nazio-gestore nagusien aurrean; 2020tik, txikiena da, eta datorren urtean Alemaniaren, Italiaren, Frantziaren eta Erresuma Batuaren batezbestekoa % 27 baino txikiagoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Pentsioei buruzko albisteak Krisi energetikoa