Ekonomia -

EAEko fiskalitatea

Arabak eta Bizkaiak ondarearen gaineko zerga berreskuratuko dute

Akordio horren arabera, ohiko etxebizitzagatik salbuetsitako minimoa 400.000 eurora igoko dute, eta salbuetsitako minimoa 800.000 eurokoa izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek Ondasunaren gaineko zerga berrezarriko dute 2011n eta 2012an, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Zerga-Kideketarako Sailarekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu ostean hartu dute erabakia bi foru erakundeek. Bilera Gasteizen izan da.

Ohiko etxebizitzagatik salbuetsitako minimoa 400.000 euroraino igoko dute, eta salbuetsitako minimoa 800.000 eurokoa izango da, akordio horren arabera.

Gipuzkoak, ordea, ohiko etxebizitzagatik salbuetsitako minimoa 300.000 euroan ezarri du, eta orokorrean salbuetsitako minimoa 800.000 euroan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ostegunerako beste bilera bat eskatu dio Zerga-kideketarako Sailari, akordio bat lortzeko helburuarekin; izan ere, desakordioa izan da gaur nagusi.

Dena den, Arabako Foru Aldundiak (PP) agiri batean jakinarazi duenez, datorren asteazkenean Diputatuen Kontseiluak zerga-neurri berriak onartuko ditu, zerga-sistema bidezkoagoa, progresiboa eta orekatuagoa lortzeko.

Arabako Foru Aldundiaren hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundia (Bilduren esku) ez dago akordioaren alde, eta Eusko Jaurlaritzak ez du zergak bateratzeko eskumena erabili; hori dela eta, Arabak "bere zerga neurria bideratuko" du, eta "gainerako foru aldundiek erabakitakoa alde batera utzita".

Bestalde, Arabako eta Bizkaiko aldundiek familiak laguntzeko ekintzak abian jartzea erabaki dute; horrela, 6 eta 16 urte arteko seme-alabak dituztenek urtero 50 euro deduzitu ahal izango dituzte.

Halaber, Arabak eta Bizkaiak lanpostuak sortzeko gastu kengarrien kopurua handitzea erabaki dute, 4.600 eurotik 4.900 eurora orokorrean, eta 4.000 eurotik 4.300 eurora lan merkatuan zailtasunak dituzten taldeen kasuetan.

Joan den urriaren 18an hiru foru aldundien arteko bilera akordiorik gabe bukatu ostean bildu da gaur berriro Zerga-Kideketarako Saila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea