Ekonomia -

Erabakia

Ondarearen gaineko zergari esker 40 milioi euro bilduko ditu Bizkaiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak gainerako foru erakundeekin zerga-harmonizazioa negoziatzeko borondatea azaldu du, baina "inoren betoa" ez duela onartuko esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarearen gaineko zerga berrezartzea onartu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak eta, neurri horri esker, 2011. eta 2012. urteetan 40 milioi euro bilduko dituela aurreratu du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun arduradunak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Bileran, zerga arloko zenbait neurri egitasmo onartu dituzte. Orain, Aldundiak Batzar Nagusietara eraman beharko du Ondarearen gaineko Zerga ezartzeko proposamena. Iruarrizagaren hitzetan, neurri berriek "aldaketa garrantzitsuak" ekarriko ditu. "Bere garaian baliogabetu zen bertsioaren muga teknikoak" aldatu egin direla azaldu du eta, hartutako erabakiak 2011 eta 2012. urteetan aplikatuko direla gaineratu du.

Ondarearen gaineko Zergak Bizkaiko 3.000 zergadunengan izango du eragina. Urte bakoitzean, Bizkaiak 40 milioi euro gehiago bilduko ditu. Horrez gain, Iruarrizagak esan du 2012. eta 2013. urteetarako "aldi baterako neurriak" onartzen dituen foru arauaren proiektua eta zerga arloko beste neurri batzuk onartu dituztela Lehenengo atalean, PFEZ eta Sozietateen gaineko Zerga aldatu egiten dira. Azken horri dagokionez, kenkariak sartu dituzte enplegua sortzeagatik, zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa eta kenkarien aplikazioan muga jartzea erabaki dute.

Iruarrizagaren hitzetan, "neurriok gaur egungo krisi ekonomikoari erantzuten diote, eta horrek zerga-sistemari eta haren osagaiei buruzko hausnarketa orokor bat egitera behartzen gaitu".

Zerga-harmonizazioa

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gainerako foru erakundeekin zerga-harmonizazioa negoziatzeko borondatea azaldu du, baina "inoren betoa" ez duela onartuko esan du.

Hori horrela, harmonizazioa "oso interesgarria" dela esan du Gipuzkoako Aldundiak, baina "zerga arloan politika aurrerakoia eta ezkertiarra behar dugu, eta horren alde egingo dugu".

Larraitz Ugarte foru Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, ez du Arabarekin eta Bizkaiarekin akordioak lortzeko aukera baztertu; izan ere, datorren ostegunean berriro bilduko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea