Ekonomia -

2021eko urtarrileko datuak

2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian urtarrilean

130.730 pertsona zeuden lanik gabe urtarrilean EAEn (iaz baino % 11,12 gehiago). Nafarroan, berriz, 41.725 langabe zenbatu zituzten (iazko urtarrilean baino % 23,18 gehiago).

2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian urtarrilean. Argazkia: EiTB
2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian urtarrilean
2.578 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian urtarrilean

1:29

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoak jasotako datuen arabera, urtarrilean abenduan baino 1.490 langabe gehiago zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 130.730 pertsona zeuden iragan hilabetean enplegurik gabe, abenduan baino % 1,15 gehiago.

Bestalde, 2020ko urtarrileko datuekin alderatuta, 13.081 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn, hau da, 2020an baino % 11,12 gehiago, Lan eta Ekonomia Ministerioak jakitera eman duenez. Estatuko batezbestekoa % 21,84koa da.

Iazko otsailean (covid-19aren pandemia hasi aurretik) izandako datuekin alderatuta, orduan baino 13.491 langabe gehiago zenbatu dituzte.

Azken hamabost urteetan urtarrilean langabeziak izandako hirugarren igoera txikiena da aurtengoa. Izan ere, krisiaren aurretik eta ondoren, urtarrilean beti igo ohi da langabeen kopurua, aipatu iturriaren arabera.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, % 2,07 hazi da langabezia Araban, 22.176 langabe zenbatu baitituzte guztira (499 langabe gehiago); % 1,57 egin du gora Gipuzkoan, 34.975 langabe zenbatu baitituzte (542 gehiago); eta % 0,85 Bizkaian, 73.579 zenbatu baitituzte (499 gehiago).

Gizonen kasuan, baina, % 0,81 egin du behera langabeziak. Aitzitik, emakumeen artean % 2,80 igo da, nahiz eta urteko batezbestekoan gizonezkoak nagusi izan diren (% 13,42ko igoera gizonetan eta % 9,33koa emakumeetan). Hala eta guztiz ere, lanik gabe dauden pertsonen % 55,31 emakumezkoak dira.

Adin-tartea kontuan hartuta, 55 urtetik gorakoetan izan du bereziki eragina langabeziaren igoerak (% 1,61), baita 24 urtetik beherakoetan ere (% 1,53). Dena den, adin-tarte guztietan egin du gora langabeen kopuruak.

Sektoreka, industrian (598 langabe gutxiago) eta eraikuntzan (120 langabe gutxiago) datuek hobera egin dute. Kontrara, zerbitzuetan (2.012 langabe gehiago) eta nekazaritzan (40 langabe gehiago) hazi egin da langabezia.

Jaurlaritza: "Datu kezkagarriak dira"

Eusko Jaurlaritzaren ustez, "datu kezkagarriak" utzi ditu langabeziak EAEn, "nahiz eta, aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteei esker, ez garen 2007ko krisian bizitako egoerara heldu".

Alfonso Gurpegui Lan sailburuordeak sakon aztertu ditu astearte honetan argitaratutako langabezia datuak. Horien arabera, 130.730 pertsona daude lan bila gaur egun EAEn, eta Gizarte Segurantzaren afiliazioa jaitsi egin da (8.242 pertsona gutxiago) abenduko datuekin alderatuta.

"Datu kezkagarriak baditugu ere, euskal ekonomiak erakutsi du krisiari aurre egiten ari dela, urtarrila hilabete kaskarra izan ohi baita urtero, langabeziari dagokionez. Izan ere, 2021eko urtarrilean azken 15 urteetako hirugarren datu onena izan dugu", esan du.

"Azken zortzi hamarkadetako krisitik latzena jasaten ari garela eta urtarrila hilabete kaskarra izan ohi dela kontuan izanda ere, ez ditugu orain dela hamarkada bat bizitako krisian jasotako datu okerrak ikusi", azpimarratu du.

Kontratazioek ere behera egin dute, abenduan baino % 5,1 gutxiago zenbatu baitituzte.

Bestalde, urtarrilean 69 pertsona gehiagok (% 0,1) jaso dute diru-sarrerak bermatzeko errenta, iazko urtarrilean baino 2.473 gehiagok.

1.088 langabe gehiago Nafarroan 

Nafarroan ere gora egin du langabeziak. Urtarrilean abenduan baino 1.088 langabe gehiago zeuden (% 2,68 gehiago). Horrek esan nahi du guztira 41.725 langabe zeudela Nafarroan hilabete horretan; iaz baino 7.853 gehiago (% 23,18).

Ohar batean, Foru Gobernuak azaldu du covid-19aren krisiak lagundu egin duela enpleguaren suntsipenean, Gizarte Segurantzaren afiliazioek ere behera egin baitute nabarmen (2.677 pertsona gutxiago, % 0,93). Gauza bera gertatu da kontratazioekin (% 4,9 gutxiago).

2008az geroztik, Gzarte Segurantzan baja gutxien izan duen bigarren urtarrila izan da aurtengoa, eta Nafarroa da enplegu gutxien suntsitzen duen Estatuko laugarren erkidegoa.

Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea duten beharginekin lotutako datuak ere eman ditu Gobernuak. 7.137 pertsona daude egoera horretan, abenduan baino 1.449 gutxiago.

Emakumezkoen eta gizonezkoen lan baldintzak alderatuta, langabeziak datu kaskarragoak utzi ditu emakumeen artean (%3,9 / % 1).

Adin-tarteka, 25 eta 34 urte bitartekoen artean % 4,4 hazi da langabezia. Halere, 25 urtez azpikoak dira pandemiak gehien kaltetu dituenak (iazko otsailetik % 53,6 egin du gora langabeziek adin tarte horretan).

Estatuko datuei dagokienez, 76.216 pertsona geratu ziren beharrik gabe urtarrilean. Gaur-gaurkoz, ia 4.000.000 langabe daude; 2016az geroztik izandako kopururik handiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak