Ekonomia -

Funtzio Publikoa

Jaurlaritzak 100 milioi aurreztuko ditu funtzionarioen gastua txikituz

Ez da langileak kaleratzea aurreikusten, baina ez da langile gehiago kontratatuko.

Langileen gastuak murrizteko Jaurlaritzak aurkeztutako plana

01:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak langileen gastuak murriztuz 2012an ehun milioi euro aurrezteko plana aurkeztu du Funtzio Publikoaren Mahaian.

Juan Carlos Ramos Funtzio Publikoaren sailburuordeak azaldu duenez, datorren urtean indarrean jarriko diren murrizketa neurriak negoziatzea da lehenengo helburua. Horretarako, enplegu publikoaren iraunkortasuna eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna azpimarratu ditu. Soldatei dagokienez, oinarrizko soldata Estatuaren araudiak ezartzen duela gogorarazi du.

Murrizketak

Sail guztiei eragingo dieten sei neurri nagusi aurkeztu dituzte 2012an ehun milioi aurrezteko.

Administrazio orokorretik borondatezko erretiroa hartzen dutenei ematen dizkieten sariak kenduko dituzte. Errelebo kontratuak ere kendu egingo dituzte eta 365 pertsona ingururi eragingo die neurriak.

Gainera, 65 urtetik gora lanean jarraitzeko aukera ere bertan behera geratuko da. 201 langile ingururi eragingo die.

Aldibaterako ezintasunengatik ematen den diru kopurua ere berrikusiko dute eta lan-istripuen kasuetan soilik ordainduko da hemendik aurrera soldataren % 100a. Aurten 48.135 baja izan omen dira Administrazio Publikoan eta 43,8 milioi euroko kostua izan omen du.

Era berean, Jaurlaritzaren proposamenak dio karrera profesionalaren irabazkinak ere kenduko dituztela eta horrek Herrizaingo, Justizia, Hezkuntza eta Osasun sailei eragingo die.

Administrazio orokorraren gastua murrizteko prozesu bat ere abiaraziko du, izan ere, 2011n dagoeneko "asko" aurreztu omen dute ordezkapenak kenduz eta beste neurri batzuekin.

Sindikatuek ez dituzte murrizketak onartuko

Eusko Jaurlaritzak Mahai Nagusian aurkeztutako eta 100 milioi euro aurrezteko murrizketa plana errefusatu dute euskal zerbitzu publikoko sindikatuek.

Igor Izagirre ELA sindikatuko ordezkariak salatu duenez, Exekutiboaren neurriek soldatak izoztea suposatuko dute, hau da, langile publikoen erosteko almena "% 13" murriztea.

Hala ere, espero da ostegun honetan Barakaldoko BECen izango den Zerbitzu Publikoen Federazioa-Gizalanen kongresuan Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak honen balorazioa egitea.

Euskadiko CC. OO. sindikatuak ere plan hura errefusatu du, "eskubideen galera" ekartzen duelako. Sindikatu honen ordezkarien esanetan, "krisi honetan erantzukizuna ez duenari egin nahi dizkiote murrizketak, hau da, langileari". "Plan honek enplegu publikoa mantentzeko eta handitzeko apustuari aurre egiten dio", azpimarratu dute.

Fernandezek "muturreko" murrizketak errefusatu ditu

Mario Fernandez BBKko eta Kutxa Bankeko presidenteak krisitik irtetzeko "muturreko murrizketak" hartzen dituen plana errefusatu du. "Erabat beharrezkoa da murrizketak egitea baina ekintza ekomikoaren pizgarri batek lagunduta", azaldu du.

Fernandezek nabarmendu duenez, Espainiako ekonomiarekin alderatuta, Euskadikoa "hobeto" dago baina "lurralde bakoitzeko irtenbideak ezarri daitezkeela uste duenak kale egingo du". Hori dela eta, "irtenbide oso" baten alde egin du, "muturreko murrizketek gurpil zoro batera eramaten gaituztelako".

Kutxabankeko presidentearen esanetan, "BPG ez hazteak eta langabeziak gora egiteak gastu publikoaren gorakada ekarriko lukete eta horrek finantziazio handiagoa eskatuko luke eta hazteko aukerarik gabe, merkatuek dirua emateko interes tasa altuagoak eskatuko lituzkete".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea