Ekonomia -
Murrizketak
Mendiak dio administrazioak 'eredugarri' izan behar duela krisian
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak babestu egin ditu Jaurlaritzaren murrizketa neurriak eta ohartarazi du 2012a "oso zaila" izan behar dela, Euskadi ez baita "irla bat Europaren barruan".
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren murrizketak babestu ditu eta azpimarratu du krisi ekonomiko garaian administrazioak "eredugarri" izan behar duela.
Mendiak prentsaurreko bat eman du gaur Bilbon Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen kanpaina baten berri emateko, eta atzo 100 milioi aurrezteko iragarri zituzten murrizketei buruz galdetu diotenean egin ditu adierazpenok.
Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, 2012ari aurre egin ahal izatea da murrizketen helburua, urtea "oso zaila" izango baita, aldundien diru-sarrerak txikitu egingo direlako eta Europa atzeraldian sartua dagoelako.
Mendiak azpimarratu du Euskadi ez dela "irla bat Europaren baitan", beraz, neurriak hartu beharrekoak direla esan du "ezin baitira 2012an zerbitzuak ziurtatu 2005eko diru-sarrerekin".
Hala ere, Jaurlaritzaren bozeramaileak aitortu du langile publikoek esfortzu handia egin dutela dagoeneko, baina langabezian daudenek eta "bizirauteko borroka egiten duten" enpresek ere egin dutela gogorarazi du.
Justizia sailburuak berretsi du testuinguru horretan administrazio publikoak "eredugarri" izan behar duela eta argi adierazi nahi izan du proposamena "negoziatzeke" dagoela eta ez dela "soldata murrizketarik aurreikusten".