Publizitatea
Itxi

2021/02/09

14:46

Ekonomia

BIZKAIA

Bulebar batek eta zubi batek Bilbo, Eskuinaldea eta Barakaldo lotuko dituzte 2024an

A. S. | EITB MEDIA

Bi azpiegiturak bizikletentzat eta oinezkoentzat bakarrik izango dira, eta 36,5 milioi euroko kostua izango du. Proiektu berria 2024rako amaituta egongo da.

  • Bulebar batek eta zubi batek Bilbo, Eskuinaldea eta Barakaldo lotuko dituzte 2024an

    Bulebar batek eta zubi batek Bilbo, Eskuinaldea eta Barakaldo lotuko dituzte. Argazkia: Bizkaia.eus

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, iragarri duenez, Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo lotuko dituen bizikletentzako eta oinezkoentzako bulebar bat eraikiko da itsasadarraren ertzetik. Gainera, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako zubi bat egingo dute. Bi azpiegitura horiek 36,5 milioi euroko inbertsioa izango dute, eta 2024. urtearen amaieran erabili ahal izango dira.

Astearte honetan egin den aurkezpenean, Ahaldun Nagusiarekin batera, Barakaldoko (Amaia del Campo), Bilboko (Juan Mari Aburto), Erandioko (Aitziber Oliban), Getxoko (Amaia Agirre) eta Leioako (Iban Rodriguez) alkateak izan dira, baita Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua ere.

Zubia eta bulebarra eraikitzea Bizkaiarentzako funtsezko proiektua dela esan du Rementeriak, Bilbo itsasadarreko udalerrietara zabaltzeko apustuaren parte baita. Halaber, zubiak eta bulebarrak 600.000 biztanle ingururen mugikortasun aukerak hobetzen dituztela adierazi du, ingurumena eta bizi-kalitatea errespetatuz.

Gaur egun, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako saila eraikuntza-proiektua lantzen ari da, zubiaren eta bulebarraren ezaugarriak eta trazadurak definituko dituena, eta 2022ko bigarren erdian aurreikusten da obrak hastea.

Ingeniaritza proiektuak emango duen definizioaren zain, Rementeriak aurreratu du bulebarrak ahalik eta zabalera handiena izango duela eta oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio bereiziak izango dituela. Trazadura laua eta zuzena izango da eta itsasadarraren ondotik igaroko da zazpi kilometrotan zehar. Ahaldun Nagusiak aurreratu duenez, azpiegitura berriaren gune batzuk itsasadarraren gainean egin beharko dira. Bulebarrra egiteko aurreikusitako inbertsioa 20 milioi eurokoa da.

Zubian, berriz, 16,5 milioi euro inbertituko dira, eta bizikletek eta oinezkoek soilik erabiliko ahalko dute. Zubi mugikor gisa planteatzen da, itsasadarrean ontziak Erandio eta Barakaldo artean nabigatzea ahalbidetuko duena.

Bai zubia, bai bulebarra, Bredako Unibertsitateko bizikleta-mugikortasunean adituak diren nazioarteko taldearen eta Dutch Cyclist Embassyren eta Bizkaiko bizikletaren talde bultzatzailearen ezagutza eta esperientziarekin definituko dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena