Ekonomia -
Aldundia
Gipuzkoak zerga-erreforma onartuko du, desarmonizazioa egon arren
Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak Zerga Kideketarako Sailaren eraginkortasun eza eta "zehaztasun gabezia handia" kritikatu dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak urtea amaitu aurretik zergak erreformatu nahi dituela iragarri du, nahiz eta EAEko hiru lurraldeen artean zerga alorrean desarmonizazioa eragin. Aldundiak Zerga Kideketarako Sailaren jarduna kritikatu du, bileran ez zelako adostasunik izan.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak prentsaurrekoa eman dute gaur neurriaren berri emateko eta gogor kritikatu dute Zerga Kideketarako Saila, "oso mugatuta" dagoen erakundea baita proposamen desberdinak daudenean.
Francok azaldu duenez, erakundeak "muga eta gabezia guztiak utzi ditu agerian" osatzen duten erakundeetan alderdi desberdinek agintzen dutenean.
"Orain arte ez zuen arazorik eman, izan ere, oso erraza da koordinatzea eta adostasunera heltzea hasieratik ados daudenean", gaineratu du Francok maiatzeko hauteskundeen aurreko egoerari erreferentzia eginez.
Ogasun diputatuarentzat ez dago armonizazio fiskala lortzeko aukerarik atzoko bileraren ondoren, Bizkaiak eta Arabak adostutako akordioa babestu zutelako eta Gipuzkoak, berea.
Beste erakundeen "jarrera itxia" kritikatu du Francok, Gipuzkoak elkarrizketarako jarrera irekia izan duela eta zergen erreformari buruzko eztabaida "piztu" duela argudiatuta.
Ogasun diputatuak esperantza du Bilduk PSE-EEren eta Aralarren babesa jasoko duela Gipuzkoako Batzar Nagusietan.