Ekonomia -
Arrantza
Astearte honetan hasiko da berdelaren kanpaina iazko kuotaren % 65arekin
Hilabete eta erdi iraungo du gutxi gorabehera. Kostaldetik oso gertu arrantzatzen dute berdela, beraz, aurki helduko dira lehen harrapaketak.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Baxurako arrantzak astearte honetan abiatuko du berdelaren kanpaina. Aurten, baina, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek iazko kuotaren % 65 soilik harrapatu ahal izango dute lehen hiruhileko honetan, alegia, 2.328 eta 2.612 tona artean.
Arrantza aparailu txikiekin hasiko dute harrapaketa, eta inguraketa sareekin arituko dira geroago. Guztira, hilabete eta erdi inguru iraungo du kanpainak, euskal kofradiak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Berdela kostaldetik oso hurbil arrantzatzen dute, beraz, aurki helduko dira lehen harrapaketak, eta litekeena da aste honetan bertan baxurako berdela arraintegietara iristea.
Euskadin baxurako arrantzaz arduratzen den zentroak (Donostiako portuan du egoitza) berdelarekin prestatutako platerak eskainiko ditu kanpainak dirauen bitartean, eta arrain espezie hori ezagutzeko jarduerak ere antolatuko ditu.
Besteak beste, Hondarribiko eta Pasaiako lonjak bisitatuko dituzte arrantza eta berdelaren enkantea eta salmenta gertutik ezagutzeko. Horretaz Matter Itsasontzi museoko lan-taldea arduratuko du. Halaber, beste bi bisita antolatuko dituzte; Donostiako portura, batetik, eta Isturiz I arrantzontzira, bestetik.