Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAE atzeraldiaren atarian dagoela aitortu du Confebaskek
Patronalak "enpresa pribatua izango balitz bezala" jokatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta murrizketak onartzeko funtzionarioei.
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak aitortu du EAEko ekonomia atzeraldiaren atarian dagoela, eta horrek eragina izango duela enpleguan.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, patronalaren buruak azaldu du Euskadik "zero hazkundea" edo "hazkunde negatiboa" izango duela 2012ko lehen seihilekoan, atzerriko erosle nagusiak moteldu egin baitira.
"Urte amaiatzean % 0,6-0,7ko hazkundea izango dugu, baina 2012ko lehen seihilekoan 'zero hazkundea' edo hazkunde negatiboa' izango dugu", azaldu du.
Lujuaren esanetan, ekonomia "oso gaizki" dago, eta gogorarazi egin du Euskadiko esportazioen % 50 Europara egiten direla, eta horietako % 70 Alemaniara eta Frantziara doazela.
"Herrialde horien esportazioak gutxitu egin dira, eta guk gutxiago ekoizten dugu. Horrenbestez, krisia geratu egin da Euskadin. Bazirudien 2011ko lehen seihilekoan aterako ginela, baina berriz ere ekoizpena jaitsi da, eta ondorioz egoera oso gordina eta zaila izango da 2012an", gaineratu du.
Confebaskeko buruak ohartarazi du enpleguak "joera negatiboa" izango duela hurrengo urtean, enpresek eskari eta finantziazio arazoak baitituzte.
Horren ildotik, Lujuak "merkatuko likidezia falta" konpontzeko eta lan merkatua berriz erreformatzeko dei egin dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari.
Funtzionarioen murrizketak
Eusko Jaurlaritzak funtzio publikoan egingo dituen murrizketei dagokienez, Confebaskeko presidenteak esan du Gasteizko Gobernuak "enpresa pribatu bat bezala" jokatu behar duela, eta funtzionarioek "murrizketak" onartu behar dituztela, sektore pribatukoek bezala.
"Noski, murrizketak eta gastu doiketak beharrezkoak dira. Enpresa txikiek egiten dute, enpresa ertainek egiten dute, eta EAEKo enpresa handienak, Eusko Jaurlaritzak, ere egin behar du", nabarmendu du.