Ekonomia -
Krisia eurogunean
Euroguneak 8.000 milioi euroko laguntza emango dio Greziari
Euroguneak Greziaren konpromisoa ontzat eman du; hala ere, Nazioarteko Diru Funtsak bere oniritzia eman behar dio, laguntza noiz helduko den jakin aurretik.
Erredakzioa
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek Greziako erreskatearen seigarren tartea (8.000 milioi euro) desblokeatu dute. Greziak murrizketak beteko dituela onartu ostean hartu dute ministroek erabaki hori.
Urrian egindako bileran, euroguneko ministroak Greziari laguntza ematearen alde agertu ziren, baina aukera hori bertan behera gelditu zen Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak erreferendum bat egiteko proposamena aurkeztu zuenean; azkenean galdeketa ez zen egin eta Papandreuk kargua utzi behar izan zuen.
Papandreuren dimisioaren ostean, troikak murrizketa plana betetzeko konpromiso idatzia eskatu zion Greziari, eta horrek zalantzak piztu zituen Grezian.
Azkenean Lukas Papadimos Greziako lehen ministroak, Antonis Samaras alderdi kontserbadoreko buruak eta Yorgos Papandreu lehen ministro ohiak gutun bat bidali zuten Bruselara murrizketak beteko dituztela esateko, EBko iturriek jakinarazi dutenez.
Euroguneak konpromisoa ontzat eman du; hala ere, Nazioarteko Diru Funtsak bere oniritzia eman behar dio oraindik, laguntza noiz helduko den jakin aurretik.