Ekonomia -

Doitze plana

Generalitateak bitartekoak murriztea eta soldatak jaistea proposatu du

Kataluniako Gobernuak 19 proposamenek osatutako doitze plan berria aurkeztu die sindikatuei. Ordezkari sindikalen arabera, "proposamen hauekin gerra deklaratu digute".

Sindikatuek protesta egin dute kalean. Argazkia: EFE
Sindikatuek protesta egin dute kalean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioak bertan behera uztea, bitarteko kopurua gehiago murriztea eta 230.000 langile publikok jasotzen dituzten soldataren osagarri gehienak aldi baterako kentzea proposatu du Kataluniako Generalitateak.

Horrela helarazi diete 19 proposamenek osatutako doitze plan berri baten bidez langile publikoen sindikatuko ordezkariei asteazken honetan izandako Negoziazio Mahaian. Doitze plan honek 2012rako Kataluniako Gobernuaren defizita mugatzea du helburu.

Neurri haietatik zortzi behin-behinekoak dira eta 11, egiturazkoak, eta 2011an langile publikoei ezarritako beste neurriekin bat egiten dute oraingokoek. Montse Ros CC. OO. sindikatuko ordezkariak salatu duenez, neurri hauek langile publikoen erosteko ahalmena % 20tik % 50ra murriztea ekarriko dute.

Negoziazio Mahaian izan diren hiru alderdiek, CC. OO., UGT eta IAC, nabarmendu dutenez, "proposamen hauekin gerra deklaratu digute". Gainera, neurri hauek zenbat lagun kaltetuko dituen zehaztu ez duela leporatu diote Generalitateari.

Murrizketa proposamenak

Aurreikusitako neurrien artean, "funtsezkoak ez diren" bitartekoen kopurua murriztea dago. Hala ere, "helburua ahalik eta lanpostu kopuru handiena mantentzea" da, sindikatuei aurkeztutako dokumentuan zenbat langile kaltetuko dituen zehaztu ez badute ere.

Lanpostuen murrizketa honek oposizioen izoztea ekarriko du, "zerbitzu publikoen kalitatean eragina izango duena", Rosek salatu duenez. Honen esanetan, Generalitateko proposamenak "Demokrazia garaian alor publikoari inoiz egindako eraso handiena da".

Soldatei dagokienez, langile publikoen soldaten osagarri espezifikoa murriztea nahi dute. Horrek 2012ko ez ohiko soldatetan izango luke eragina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea