Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Tapia: "Txertaketa gorabeheratsua izanda ere, ekonomiarentzat irtenbidea izango da"
Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren ustez, bestalde, Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortzea "aukera oso nabarmena" da. Halaber, "gardentasun gutxi" ikusten du Sanchezek iragarritako inbertsioan.
EITB Media
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak uste du oraindik ere "oso tentuz" ibili behar garela pandemiarekin: "Egia da 300etik behera gaudela, baina 100.000 biztanleko 60ko langatik oso urrun gaude oraindik. Oraindik ere ospitaleetako ZIUak nahiko beteta daude. Horregatik oso tentuz eta oso poliki egin behar dugu egin beharreko hori".
Dena dela, baikor azaldu da Radio Euskadi egin dioten elkarrizketan, eta txertaketa "ekonomiarentzat irtenbidea" izango dela iragarri du. "Txertaketa oso gorabeheratsua izaten ari da, baina konponbidea izango da. Alemania, esaterako, bere ekonomia haziko delakoan dago. Alemaniak Europako ekonomiatik tira egiten badu, Euskadi ere hor egongo da", nabarmen du.
Sailburuaren esanetan, txertaketa "modu egokian" egin behar da "ehun ekonomikoak eutsi diezaion eta hazten has dadin. Botilaren lepoa txertoa ekoizteko ahalmenean dago".
Jaurlaritzak bigarren dosia gordetzeko duen estrategiak eragindako kritiken harira, Tapiak esan du estrategia egokia dela eta "bigarren dosia bermatu" behar dela.
Era berean, Viragelm txertoaren inguruan galdetuta —Harvardeko Unibertsitatearekin batera garatzen ari da, eta Jaurlaritza parte hartzaileetako bat da— , Arantxa Tapiak erantzun du prestakin hori "bigarren belaunaldikoa" dela eta "atzeratuago egon arren, etorkizuna" izango dela. "Harvarden txertoa ondo ateratzen bada, Europan ekoizteko aukera izango dugu, eta horrek mesede egingo dio Euskadiri", laburbildu du.
Hidrogenoaren Euskal Korridorea
Asteon sortu den Hidrogenoaren Euskal Korridorea ere hizpide izan du sailburuak. Horren aburuz, "aukera oso nabarmena" izango da, hidrogenoa "aukera bakarra" ez den arren, "konponbidearen zati bat" izango delako, eta hor "Euskadik parte hartuko" duelako. Azaldu duenez, hidrogenoaren inguruan "34 proiektu ezberdin" daude eta gogorarazi du Europak "aukera asko" galdu dituela horren harira. Adibide gisa aipatu ditu energia fotovoltaikoa, "ia gehiena Txinan ekoizten dena", eta energia eolikoa, eta horretan Euskadik pisu adierazgarria duela uste du. Horrenbestez, nabarmendu duenez, "hidrogenoaren alorrean Euskadik ere muturra sartu behar du".
Enpresak laguntzeko neurriei buruz galdetuta, gogorarazi du Jaurlaritzak "500 milioi euro gehigarri" eman dituela eta "68 programa ezberdin" jarri dituela martxan: "430 milioi bideratu ditugu enpresa txiki eta ertainek makina berriak erosteko, ikerketarako...".
Bestalde, Nadia Calviño Ekonomia ministroak atzo merkataritzari, turismoari edota ostalaritzari laguntzeko iragarritako 11.000 milioiko inbertsioari "gardentasun gutxi" ikusi dio sailburuak.
Azkenik, Tubacexen egoera ahotan, Tapiak honakoa esan du: "Eskatzen baldin bada esfortzu bat langileei oso gardena izan behar da eta komunikazioa oso zuzena eman behar da, zeren gero, garai horri buelta ematen zaionean, eta gauzak ondo dihoazenean, baita ere gardenak izanez eta komunikazio horrekin, agian konpromisoa izan dutenei erantzun behar zaie era positibo batean".