Ekonomia -
Euroaren krisia
Sarkozyk diziplina eskatu du Europa 'berriz eraikitzeko'
Ostiral honetan, Angela Merkelek bere Gobernuaren asmoak azalduko ditu, hilaren 9ko goi-bilerari begira.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak azpimarratu duenez, Europa "berriro eraiki" behar da eta horretarako diziplina erabili behar dute sinesgarritasuna eta konfiantza berriro ezartzeko.
Halaber, datorren astelehenean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bilduko dela iragarri du, "Europako etorkizuna" bermatzen duten proposamenak lantzeko.
Ildo horretan, "Frantzia eta Alemania bat etortzeko eta batasun interesgunea izateko" ahal duen guztia egingo duela esan du, Europa indartzeko.
Sarkozyren hitzetan, Alemaniaren eta Frantziaren arteko batasuna "akatsez betetako" Maastrichteko eta Schengeneko itunen erreforman oinarritu behar da. Hala ere, Sarkozyk ez du uste Europako Banku Zentralaren eginkizuna moldatu behar denik; izan ere, "zeregin erabakigarria dauka, independentea da eta mantenduko da".
"Alemania eta Frantzia batzen badira, Europa osoa batu eta indartu egiten da", esan du Frantziako presidenteak.
Europa "ez da aukera bat, premia bat da", gaineratu du. Sarkozyk "erabat" argi utzi du "euroguneko herri guztiek elkartasuna izan behar dute". Ildo horretan, "Greziak egindakoa errepikatuko ez dela esan du".
Merkelen planak
Testuinguru honetan, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak bere Gobernuak hilaren 9ko goi-bilerara eramango duen proposamena azalduko du ostiral honetan Parlamentu federalean.
Merkelen hitzaldiak ikusmin handia piztu du. Ikusteke dago, adibidez, eurobonoen aurkako jarrera leuntzen duen edota Europako Banku Zentralak zorra erosteari oniritzia emango dion.
Hilaren 9ko goi-bilera funtsezkoa izango da euroa salbatu ahal izateko. Horrenbestez, egunotan mugimenduak ugaritzen ari dira EBZren papera eta Europako itunetan aldaketak egitea eztabaidatzeko.