Publizitatea
Itxi

2021/03/04

11:10

Ekonomia

EBko Justizia Auzitegia

Zerga-araubideagatik Athleticek eta Osasunak aurkeztutako errekurtsoa, baliogabetuta

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

EBko Auzitegi Orokorrak zerga-araubidea babestu eta sozietate anonimotzat jo zituen elkarteok. Europako Batzordeak, baina, bi taldeak zigortzea erabaki zuen, eta Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio.

  • San Mames futbol zelaia

    San Mames futbol zelaia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin du Athletic eta Osasuna taldeen zerga-araubidearekin lotuta Europako Auzitegi Orokorrak emandako ebazpena. Bartzelona eta Real Madril taldeei ere eragiten die erabakiak, horiek ere aurkeztu baitzuten Europako Batzordeak emandako epaiaren kontrako errekurtsoa.

Ostegun honetan argitaratutako ebazpenaren arabera, EBko Justizia Auzitegiak betiko baliogabetu du talde horiek aurkeztutako helegitea.

Esan bezala, 2019ko otsailean Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak Athleticen eta Osasunaren zein Bartzelonaren eta Real Madrilen zerga-araubidea babestu eta kirol sozietate anonimotzat jo zituen elkarteok. Europako Batzordeak, baina, futbol talde horiek zigortzea erabakia zuen, legez kanpoko estatu-laguntzak jaso zituztela uste zuelako.

Hain zuzen ere, lau taldeek, 1990az geroztik, % 30eko zerga ordaindu beharrean, % 25ekoa ordaindu zutela esan zuen Europako Batzordeak orduan. Hori dela eta, ordaindu gabeko zergengatik, talde bakoitzari bost milioi euro ordaintzea eskatzeko agindu zion Espainiari 2016an.

Aspalditik datorren kontua da. Izan ere, Espainiako kirol elkarte profesionalak, kudeaketaren gardentasuna sustatzeko asmoz, sozietate anonimo bihurtu behar izan ziren 1990. urtean, Espainiako araudia betetzeko.

Aurreko ekitaldi ekonomikoetan emaitza onak izan zituzten taldeentzat, berriz, salbuespena ezarri zen eta kirol elkarte gisa jarraitzeko aukera eman zieten. Aukera horri heldu ziotenen artean, Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril taldeak zeuden.

Irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko gisa, beraien etekinen gaineko berariazko zerga-tasa izan zuten lau talde horiek; gainera, 2016ra arte karga-tasa hori kirol sozietate anonimoei ezarritakoa baino txikiagoa izan zen.

Hortik iritsi zen Luxenburgon aurkeztutako errekurtsoa. Europako Auzitegi Orokorrak azaldu zuenez, Batzordeak ez zituen behar beste arrazoi eman talde horiek zerga-araubidearekin lotutako abantaila zeukatela frogatzeko.

Gaurko honetan, baina, Europako Batzordeari eman dio arrazoia EBko Justizia Auzitegiak, eta taldeek ezingo dute errekurtsorik aurkeztu erabaki horren kontra.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;