Ekonomia -
Jaurlaritzaren egitasmoa
Murrizketa guztiak atzera botatzeko eskatu dute sindikatuek
Funtzio Publikoaren Mahaia utzi dutela iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek. "Murrizketak" saihesteko neurriak beharrezkoak direla defendatu du lehendakariak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak proposatutako murrizketa guztiak atzera bota bitartean Funtzio Publikoaren Mahaian parte hartuko ez dutela iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek.
Bi sindikatuek azaldu dutenez, "proposamen murriztaile guztiak atzera bota bitartean, gure parte-hartzea Funtzio Publikoaren Mahain bertan behera utziko dugu". Gainera, STEE-EILAS sindikatuarekin batera lanpostu publikoak defendatzeko mobilizatzen jarraituko dutela erantsi dute.
Goizeko bileran, Jaurlaritzak aurkeztutako neurrien paketea arbuiatu dute sindikatu guztiek. Azkenean, ibilbide profesionalaren sortzapena bertan behera uztea baztertu du sailburuordeak, eta gainerako neurriak abenduaren 15eko bileran aztertuko dituzte.
Hala ere, murrizketa guztiak atzera botatzeko borondatea ote duten ez da batere argi geratu, LAB eta ELA sindikatuen hitzetan. Horregatik, bileratik alde egitea erabaki dute. "Bilera egin baino lehen neurri murriztaile guztiak atzera botatzen baldin badituzte soilik bilduko gara", ohartarazi dute.
Lehendakaria
Gastua 100 milioi eurotan murrizteko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako neurriek funtzionarioen "sakrifizioa" eskatzen duela onartu du Patxi Lopez lehendakariak, baina zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeko eta beste erkidegoetan egiten ari diren "murrizketak" saihesteko beharrezkoak direla adierazi du.
Gasteizko Exekutiboa langile publikoen sindikatuekin bildu da gaur, 100 milioi euro aurrezteko plana iragan astean aurkeztu ostean.
"Krisitik denak batera" atera ahal izateko langile publikoei "elkartasunerako konpromiso bat" eskatzen ari zaiela onartu du lehendakariak. Agintariaren ahotan, zerbitzu publikoak mantentzeko "sakrifizio" bat beharrezkoa da.
Krisi egoeran "ekiteko bi modu" daudela azaldu du Patxi Lopezek. Horrela, Kataulinako eta beste erkidegoetako egoerak jarri ditu adibidetzat. Erkidego horietan "osasun zerbitzuaren koordainketa eta ongizateko estatuaren murrizketa" planteatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren ereduak ez ditu "ebakuntza-gelak ixten, ez ditu errezetak kobratzen edo langileen kontratazioak bertan behera uzten", Patxi Lopezek ziurtatu duenez. Ikastetxe publikoetan seme-alabak matrikulatu dituzten gurasoei ez zaie "bost euro eta komuneko papera" eskoletara eramatea eskatuko, erantsi duenez.