Ekonomia -
Krisia
Euroguneko 15 herrialderen nota jaitsi dezake S&P agentziak
"AAA" kalifikaziorik handiena duten euroguneko sei Estatu mehatxupean daude: Alemania, Frantzia, Holanda, Austria, Finlandia eta Luxenburgo.
Erredakzioa
Euroguneko 15 Estaturen nota jaitsi dezakeela ohartarazi du gaur Standard & Poor's (S&P) kalifikazio agentziak. Zorraren krisia argudiotzat erabili du agentziak erabakia hartzeko.
Ondorioz, datozen 90 egunetan herrialde horiei kalifikazioa jaisteko aukerak % 50ekoak dira. Horien artean, "AAA" kalifikaziorik handiena duten euroguneko sei Estatu mehatxupean daude: Alemania, Frantzia, Holanda, Austria, Finlandia eta Luxenburgo.
"Azken asteetan euroguneko estres sistematikoak gora egin du eta kalifikazioak behera egin dezake horren ondorioz", azaldu du kalifikazio agentziak agiri batean.
Grezia, salbuespena
Zipreko epe luzerako zorraren kalifikazioa jaitsi dezakeela zehaztu du S&P agentziak, abuztuaren 12 iragarri bezala. Era berean, Zipreko epe laburreko bonuak zainduko ditu agentziak. Grezia salbuespena da eta ez du zerrendan sartu S&Pk.
Austria, Belgika, Finlandia, Alemania, Holanda eta Luxenburgori kalifikazioa koska bat jaitsi diezaieke agentziak. Beste herrialde batzuen kalifikazioak, ostera, bi koska behera egin dezake.
Euroguneko kredituen tentsioak gora egin du, arrisku-sariak nabarmen egin du gora zenbait herrialdetan (horietako batzuk "AAA" nota dute egun) eta merkatuen konfiantza berreskuratzeko garaian EBko buruzagien desadostasunak erabili ditu argudiotzat S&Pk erabakia hartzeko.