Ekonomia -

EBren erreforma

Alemaniak eta Frantziak presidente iraunkorra nahi dute eurogunean

Sarkozyk eta Merkelek gutun bat bidali diote Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari Europar Batasunaren erreforma egiteko proposamenekin.

Agintari biek koordinazio handiagoa eskatu dute Europan. Argazkia: Efe.
Agintari biek koordinazio handiagoa eskatu dute Europan.
Hastear da euroa salbatu dezakeen goi-bilera

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkosy Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Europar Batasunaren erreforma egiteko proposamenak bidali dizkiote gutun batean Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari.

Gutuna Parisen argitaratu da, eta astelehenean Sarkozyk eta Merkelek adostutako neurriak azaltzen ditu. Neurri horiek Europako "azpiegitura indartzeko" helburua dutela eta "premiazkoak" direla argi utzi zuten agintari biek astelehenean.

Ildo horretan, proposatutako konpromisoak Europako 27 herriek onartzea nahi dute, eta hori posible ez balitz, euroguneko 17 herriek "aurrea hartu beharko diete".

Sarkozyren eta Merkelen hitzetan, aurkeztutako neurriek "EBko erakundeen azpiegiturarekin bat datoz". Ildo horretan, krisia dirauen bitartean biltzeko asmoa dutela esan dute, gutxienez, hilean behin.

Hala ere, beste herri batzuk gonbidatuko dituzte bilera horietan, eztabaidetan parte hartzeko.

Euroguneko gobernua indartzeko urtean bi goi-bilera egitea proposatu dute, eta horretarako, presidente iraunkorra beharko dela gaineratu dute. Goi-bilera horietan euroguneko "politika ekonomikoen eta aurrekontuen inguruan orientazio estrategikoa" jorratuko dute.

Halaber, "koordinazioa, zaintza eta arauen errespetua indartzeko prebentzio eremua" sortzea proposatu dute.

Herri bakoitzeko aurrekontuen oreka mantentzeko "gutxieneko" arauak ezartzea eskatuko dute; horri "urrezko araua" deituko diote eta Estatu bakoitzak onartu beharko du.

Defizitaren aurkako zigorrak

Defizitari aurre egiteko "prozedura berria" proposatu dute; BPGren % 3a gainditzen duten herriei zigorra ezarriko zaie, eta "berehalako ondorioak izango ditu, eurotaldeko gehiengoak beste zerbait adosten ez badu".

Halaber, defizit handiegia duten Estatuen eskubideak murriztea edo zigorrak ezartzea proposatu dute.

Hala ere, Europako Batzordeak proposatzen dituen zigor horiek Europako Kontseiluak onartu beharko ditu, gehiengoak beste zerbait erabakitzen ez badute ".

Egonkortasun ekonomikoa lortzeko neurri horiek 2012an abian jarri beharko direla esan dute Sarkozyk eta Merkelek.

Europako Kontseiluko presidenteak EBko buruzagiei esan die etorkizun hurbilean akordio berriak egin eta neurri gehiago hartu beharko direla, "merkatuak egonkortzeko, aurrekontu diziplina indartzeko eta euroguneko herrialdeen artean batasun ekonomikoa sortzeko".

Agintarien adierazpenek eragin negatiboa izan dute merkatuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea