Ekonomia -

On Egin Bonoak

Elikagaietan 100 euroko erosketa bakoitzeko 50 euroko bonua oparituko du Jaurlaritzak

Nekazaritzako elikagaietan eta arrantzako produktuetan egiten den 100 euroko erosketa bakoitzeko, 50 euroko bonua oparituko du Jaurlaritzak Euskadiko ostatuetan egonaldia sustatzeko.

Arantxa Tapia sailburua kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua.
"On egin", euskal produktuen ekoizleen aldeko ekimena

1:16

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "On egin" bonuak aurkeztu ditu, kalitatezko eta jatorrizko markadun produktuak suspertzeko eta Euskadiko ostatuetan egonaldiak sustatzeko. Guztira, 30.000 bonu kaleratuko ditu. Nekazaritzako elikagaietan eta arrantzako produktuetan egiten den 100 euroko erosketa bakoitzeko, 50 euroko bonua oparituko da Euskadiko ostatuetan egonaldia sustatzeko.

Kanpaina bi fasetan garatuko dute. Apirilaren 19an produktua erosteko epea irekiko da, ekoizpen ehunari eta txikizkako merkataritzari zuzeneko onura eraginda, eta ekainetik aurrera ostatu bonuak kontsumitu ahal izango dira, eta horrek Euskadiko kontsumoaren bigarren susperraldia ekarriko du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak On Egin Bonoa izenekoak aurkeztu ditu astelehen honetan Bilbon, Euskadiko elikaduraren katearen azpisektore askotan covid-19k eragindako "ondorio negatiboak" arintzeko helburuarekin.

Hori dela eta, ekimen horren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hazi Fundazioak laguntza eman nahi diete kalitate bereiziko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei.

Eusko Jaurlaritzak "On egin" bonuak sustatzen ditu ekoizpen eta erauzketa sektoreari, txikizkako merkataritzari eta zuzeneko salmenta kanalei zuzenean mesede egiteko, eta ekainetik aurrera Euskadin ostatuak eta kontsumo egonaldiak eta esperientziak dinamizatzeko.

Produktuen erosketetan gastatutako 100 euroko, 50 euroko deskontua lortu ahal izango da turismo ostatu batean; beraz, elikaduraren sektorea bultzatu ez ezik Euskadiko egonaldiei lotutako jarduera sozioekonomikoa dinamizatu nahi da.

Horrela, 30.000 bonu jaulkita, 4.500.000 euroko inbertsio zuzena sortuko da; horietatik 1.500.000 euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu, eta 3.000.000 euro kontsumitzaileek egingo duten inbertsioa izango da, sailburuak zehaztu duenez.

Kanpainarekin lotutako produktuak

On Egin Bonuak programan parte hartuko duten produktuak kalitateagatik eta Jatorri Deituren berezko ezaugarriengatik eta ordezkatzen dituzten markengatik nabarmentzen dira.

Zehazki, JDko produktu hauek izango dira: Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa, Arabako Errioxako Cava Ardoa, Idiazabal Gazta, Euskal Sagardoa, Basque Beer, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa eta Eusko Label produktuak (Behi Haragia, Ibarrako Piparrak, Tomatea, Babarrunak, Letxuga, Oliba Olio Birjina Estra, Baserriko Txerria, Arabako Patata, Gernikako Piperrak, Baserriko Arrautzak, Baserriko Oilaskoa, Esne Bildotsa, Hegaluzea, Hegalaburra, Esnea eta Eztia).

Suspertze eta biziberritze programa hau Eusko Jaurlaritzak berak eta inplikatutako produktuen markek sustatuko dute, pandemiak iraun bitartean galdutako salmenten zati bat berreskuratzeko.

Kanpaina, halaber, baliagarria izango da tokiko ekoizleekin lankidetzan aritzen diren txikizkako saltokiek eta zuzeneko salmentako on line kanalek kalitateko tokiko produktuaren sustapena eta kokapena indartu ahal izateko, bai Euskadin, bai gure lurraldetik kanpo.

Ekoizleak, saltokiak eta ostatuak atxikitzeko dinamika

Kanpaina hau hainbat fasetan egingo da, eta hasierako atxikipen fase bat beharko du bonuak salgai jarri aurretik. Hala, ekimenean parte hartu nahi duten saltoki, establezimendu eta ostatuek oneginbonoa.eus webgunean izena eman ahal izango dute gaurtik (martxoak 22) maiatzaren 22ra arte, eta webgune horretan kontsultatu ahal izango dituzte kontsumitzaile guztiek sustapenean parte hartzen duten saltoki eta ostatuak.

Parte hartzen duten eta aipatutako webgunean izena eman duten saltoki eta ostatuek, aldi berean, kanpainaren irudi identifikatzailea eramango dute, kontsumitzaileari "On egin" bonuari atxikitako lokala dela adierazteko.

Bonoez gozatu nahi duten kontsumitzaileek gutxienez 100 euroko balioa duten Euskadiko kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte txikizkako saltokietan, merkataritza elektronikoko atarietan eta Euskadiko lehen sektoreko eta elikagaigintzako ekoizleen zuzeneko salmenta-guneetan.

Apirilaren 19tik aurrera egiten diren erosketak promozioan sartuko dira eta bonuak aurtengo ekainaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.

Horrela, erosketa egin ondoren, erosketaren fakturari argazkia atera eta oneginbonoa.eus webgunera igo beharko dute, 50 euroko bonoaren eskaera eginez. Webgune horretan bertan kontsultatu ahal izango da deskontu-bonoa zein turismo-ostatutan gozatu nahi den.

Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu hartu ahal izango ditu gehienez, baina ezin izango dira metatu (fakturako eta gaualdiko bonu bat).

Guztira, 30.000 bonu eskainiko dituzte, eta horien jaulkipena programari esleitutako aurrekontuaren erabilgarritasunaren araberakoa izango da; hala, funts horiek agortutakoan, programa amaitutzat emango da eta, era berean, ostatu-bonu bat lortzeko aukera amaituko da.

"Kanpaina ez doa 'jateaz eta edateaz', esperientzia berriak onartzera baizik. Ekimen honetan parte hartzen duten pertsonek eskaintzen dena balora dezaten nahi dugu. Ahalegin ekonomiko handia egin dugu, eta konpentsazio-pizgarri oso garrantzitsua da, gako gisa. Pandemiak eragozten dizkigun esperientziak eskaini eta gozatzeaz ari gara", esan du Tapiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak