Ekonomia -
RATO auzia
Fiskaltzak zuriketa eta iruzur fiskala leporatu dizkio Rodrigo Ratori
Fiskaltzak 80 urte baino gehiagoko kartzela-zigorra eskatu du Espainiako presidenteorde ekonomikoa izan zenarentzat, ustez 8,5 milioi euro baino gehiagoko iruzurra egiteagatik.
N.B. | EITB MEDIA
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde ekonomikoa izandakoari Ogasun Publikoaren aurkako 11 delitu egotzi dizkio, baita dirua zuritzea eta negozioetan ustelkeria eragitea ere, besteak beste, haren ondarearen ustezko jatorri ez-zilegiaren auzian.
Fiskaltzak 80 urteko kartzela-zigorra eskatu du Ratorentzat, 8,5 milioi euroko iruzurra egitea leporatuta.
Astearte honetako data duen idazki batean, ustelkeriaren aurkako taldeak lau eta sei urte arteko espetxe-zigorrak eskatu ditu Ogasun Publikoaren aurkako delitu bakoitzagatik: sei urte zuritze-delituagatik, lau zigortzeko moduko kaudimengabezia-delituagatik, beste lau negozioetako ustelkeriaren delituagatik, eta, azkenik, hiru urte agiriak faltsutzearen delituagatik.
Halaber, isunak eta zigor osagarriak eskatu ditu, bai eta zerga-administrazioari kalte-ordaina ere, adierazitako zerga-ekitaldi bakoitzean iruzur egindako kopuruengatik.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak ohar batean jakitera eman duenez, justifikatu gabeko ondare-gehikuntzak identifikatu dituzte 2005 eta 2015 urteen artean, 15.633.056,87 eurokoak, eta iruzurrezko kuotak 8.586.121,67 eurokoak izango lirateke.
Tesi fiskalen arabera, Ratok 1999tik Ogasun Publikoari ezkutatutako ondarea mantendu du hainbat sozietateren bidez. Sozietate horiekin finantza-inbertsioak egin ditu etengabe, Bahametan, Suitzan, Monakon, Luxenburgon eta Erresuma Batuan irekitako banku-kontu ugariren bidez, besteak beste.