Ekonomia -
Lan-deialdi publikoa
Hezkuntzako lan-eskaintza publikoaren lehen proba ekainaren 19an eta 20an egingo dute
Guztira, 1.148 plaza izango dira, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleei zuzendutakoak. Ahozko proba irailaren 6tik aurrera izango da.
EITB MEDIA
2020ko Hezkuntzako lan-deialdi publikoaren lehen proba ekainaren 19an eta 20an egingo dute, Barakaldoko BEC erakustazokan, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.
Hala jakinarazi diete Hezkuntza Saileko arduradunek hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatuei, gaur arratsaldean egin duten bileran. Hezkuntza Sailak SMS mezua igorri die lan-eskaintza publikorako izena eman zutenei, erabakiaren berri emateko.
Orotara, 4.140 pertsonak dute hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskubidea, horretarako eskatzen zitzaien dokumentazioa aurkeztu ondoren. Hezkuntza Sailetik ziurtatu dute lan-eskaintza publiko berriak "eragin zuzena" izango duela "bai hezkuntza-sistemaren kalitatean, bai irakasleen lan-egonkortasunean".
Hezkuntza Sailetik gogorarazi dutenez, oposizio-faseko lehen proba 2020ko ekainerako zegoen aurreikusita, baina covid-19aren pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zuten. Hainbat aukera aztertu ondoren, Hezkuntza Sailak joan zen azaroan jakinarazi zuen lan-eskaintza publikoa ez zela ekaina baino lehen egingo eta behin betiko data gutxienez bi hilabeteko aurrerapenaz ezagutaraziko zitzaiela izena emandako hautagaiei.
Ekaineko proba teorikoa gainditzen dutenek ahozko azterketa egin beharko dute. Proba hori irailaren 6tik aurrera deituko dutela esan du Hezkuntza Sailak. Lekua eta ordua zuzenean jakinaraziko zaizkie hautagaiei.