Ekonomia -

LEP-OSAKIDETZA

Osakidetzak eutsi egin dio LEPrako 3.500 lanpostu eskaintzari

Sindikatuentzat "ez da nahikoa" kopuru hori "behin-behinekotasunari" erantzuna emateko eta datorren apirilaren 22an grebara deitu dituzte langileak.

Osakidetzaren azterketa bateko irudia. Foto: EITB
Osakidetzaren azterketa bateko irudia.
Osakidetzaren azterketa bateko irudia. Foto: EITB

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak LEPrako 3.500 lanpostuko eskaintzari eutsiko diola iragarri du asteazken honetan egindako Mahai Sektorialean; hauek salatu dutenez, zifra hori "ez da nahikoa", euren ustez apenas erantzuten baitie "baja arruntei" eta ez baitu "behin-behinekotasunaren arazoa konpontzen".

ELAk komunikatu batean salatu duenez, "plantilla jasaten ari den behin-behinekotasun altuarena, egiturazko arazoa da", azken urteetako "pribatizazio, murrizketa eta austeritate politiketatik eratorria. Sindikatuak emandako zifren arabera, Euskal Osasun Zerbitzuko langileen % 40 dago aldi baterako kontratuekin, 15.000 lagun inguru.

Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak irtenbide gisa proposatu du "egiturazko 5.000 lanpostu" sortzea, eta ondoren "enplegu publikoa indartzeko beharrezko diren 15.000 postuak sendotzeko prozesuarekin jarraitzea".

Komunikatu horretan beste hainbat sindikaturekin batera antolatutako greba iragarri du ELAK, datorren apirilaren 22rako; helburu izango du, hain zuzen, "espainiar estatuko eta Europako behin-behinekotasun tasa altuenak dituen sektore publikoa izanik gurea, arazo hori gainditzeko borondate falta salatzea". 

Azkenik, Osakidetzari eskatu dio "lehendik zetozen egiturazko arazoak konpontzeko pausoak eman ditzala, pandemiaz aurretik zetozenak eta pandemiari emandako erantzunean ere eragina izan dutenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak