Ekonomia -
Enkante berria
Altxor Publikoak 4.941 milioi euroko zorra saldu du
Altxor Publikoak ia 5.000 milioi euroko zor jaulkipenak saldu ditu, 12 eta 18 hilabete arteko epean, aurreko enkantean ordaindutako interes txikiago batean, % 5ean, hain zuzen ere.
Erredakzioa
Espainiako Altxor Publikoak 12 eta 18 hilabete arteko eperako 4.941 milioi euroko zor jaulkipenak saldu ditu astearte honetan % 4,08 eta % 4,25 interesan, hurrenez hurren. Aurreko enkantearekin alderatuta, saldutako interesa txikiagoa izan da, azaroaren 15ean izandako salmentan zorra % 5,20ean eta % 5,32ean saldu baitzen.
Hasiera batean zor jaulkipena 3.250 eta 4.250 milioi euro bitartean izatea aurreikusita bazegoen ere, azkenean ia 5.000 milioi euro saldu dira. Gainera, inbertitzaileen erosteko grina are handiagoa zen, izan ere, bi letra motentzako 18.276 milioi euro eskatu baitzuten.
Gauzak horrela, inbertitzaileek muzin egin diote Moody´s kalifikazio agentziak egindako azken mehatxuari. Honen arabera, benetako neurri politikoen gabeziaren aurrean, euroguneko herrialdeen zor kalifikazioa berriro aztertzeko asmoa zuen.
Enkantearen ondorioz, Espainiako arrisku saria lasaitu eta 381 puntuko mailan kokatu da. Halaber, Espainiako burtsa irabaziekin hasi bada ere, zenbaki gorriak izan ditu saioaren zenbait uneetan, Espainiako zortzi finantza-erakundeen kalifikazioa jaisteko Moody´sek egindako mehatxuak lagunduta.