Ekonomia -

EUSKALTEL

Corres: "Jaurlaritzak operazioa salba zezakeen, beste gauza bat da nahi izan duen"

MasMovilek Euskaltel erosteko egindako eskaintza publikoa deitoratu du Jose Angel Corres Euskalteleko kontseilari ohiak. Horren ustez, Jaurlaritzak esku har zezakeen, CAFen edo Kaikun egin bezala.

Euskaltel. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia
Euskaltel
Euskaltel. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

MasMovil taldeak Euskaltel bereganatzeko ia 2.000 milioi euroko eskaintza publikoa egin du. Operazioak hiru akziodun nagusien onespena du, tartean Kutxabankena, eta Eusko Jaurlaritzak ere begi onez ikusten du bategitea.

MasMovil taldeak Euskaltel erosteko mugimendua egin ondotik, oso kritiko mintzatu da Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidente eta Euskalteleko kontseilari ohia Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. "Ez da albiste ona Euskadirentzat, pena handia ematen dit" adierazi du. Haren esanetan, "euskal enpresa bat galdu eta nazioarteko bat datorkigu".

Egoitza soziala Donostian dagoela onartu arren, Corresen iritziz, "mahai bat eta bulego bat baino ez da, erabakiak harago hartzen dira". Salatu duenez, Kutxabankek Euskaltelen parte-hartzea izateak ez du geldiarazi erosketa, eta Kutxabanken parte-hartzea % 20tik jaitsi izanak salmenta operazioa azkartu du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzarekiko kritiko mintzatu da, eta, CAFen eta Kaikun egin bezala, diru publikoa jar zezakeela uste du: "Eusko Jaurlaritzak operazioa salba zezakeen, beste gauza bat da nahi izan duen ala ez".

Corresek ez du ulertzen Eusko Jaurlaritzak operazioa begi onez ikustea, "baina ni baino informazio gehiago izango dute". Lanpostu galera egon daitekeela iradoki du Corresek, bikoiztutako lanpostuak murriztu eta berregituraketak egin ditzaketela iritzita. MasMovil taldeak, bere aldetik, lehen bost urteetan Euskaltel marka, EAEn duen egoitza soziala eta enpresan lan egiten duten lanpostuak mantentzeko konpromisoa agertu du.

Zerga bilketari dagokionez ere, diru galera egon daitekeela aurreratu du.

Erredakzioan itzulia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaltel Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa