Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Etxaide: 'Patxi Lopezek piromanoarena egin du Metroaren gatazkan'
LABeko ordezkariaren esanetan, Metro Bilbaoko Zuzendaritzak gatazka bideratzeko aukerak baztertu ditu eta lehendakariak jarrera hori babestu du.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia Bilboko metroko gatazkaren inguruan aritu da eta Patxi Lopez lehendakariak "suhiltzailearena" egin beharrean, "piromano nagusiarena" egin duela adierazi du. Hitz horiekin, lehendakariak asteazkenean egindako adierazpenari erreferentzia egin dio Etxaidek, Santo Tomas egunerako metroko enpresa batzordeak deituta duen 24 orduko lanuztearen harian.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Etxaidek esan du Patxi Lopezen agerraldia "kritika oso gogorra eta oso larria" izan zela eta "horrelako gatazka baten aurrean egiten duen lehenengo adierazpen instituzionala" dela azpimarratu du.
"Lan-munduan oso gauza larriak gertatzen ari dira eta erakundeek ez dute ezer egin. Eta lehendakaria orain ateratzea desatsegina iruditzen zaigu. Are gehiago, Patxi Lopezek suhiltzailearena egiteko aukera izan du, eta horrez ordez, primano nagusiarena egitea erabaki du, sua suspertuz. Arduragabekeria handia iruditzen zaigu", azpimarratu du.
Etxaidek gogora ekarri duenez, Metro Bilbaoko enpresa batzordeak proposamenak aurkeztu eta eskaintzak egin ditu "gatazka konpontzeko ez, baina bai bideratzeko". "Konponbiderik dagoen ikusi beharko dugu, baina Zuzendaritzak gatazka bideratzeko aukera hori baztertu egin du eta PatxI Lopezek jarrera hori babestu du".