Ekonomia -

Errenta aitorpena 2020

Lan erregulazioan dauden langileek ordainketak atzeratzeko aukera, Nafarroan

Gainera, 2015etik 2018ra arte amatasun eta aitatasun diru-laguntzak jaso dituztenei Nafarroako Gobernuak onartutako kenkari fiskalak aplikatuko zaizkie.

Errenta aitorpena Nafarroan, pandemia baino lehen. Artxiboko argazkia: EFE
Errenta aitorpena Nafarroan, pandemia baino lehen. Artxiboko argazkia: EFE
Errenta aitorpena Nafarroan, pandemia baino lehen. Artxiboko argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean 2020ko errenta aitorpena aurrez aurre egin ahal izateko zerbitzua Baluarte jauregiak hartuko du aurten, covid-19a prebenitzeko distantziak mantentzeko. Gainera, amatasun diru-laguntzak jaso dituzten pertsonak eta aldi baterako lan erregulazioan dauden zergapekoek berritasunak izango dituzte errenta aitorpenean.

Lan erregulazioan dauden beharginek 2020an itzuli beharreko edo dagoeneko 2020an bueltatu dituzten diru-sarrerak gaineratzeko aukera izango dute, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gogorarazi duenez. Era berean, ordainketa atzeratzeko aukera izango dute, abuztutik aurrera interesik gabeko 5 kuotatan pagatzeko.

Gainera, 2015etik 2018ra arte amatasun eta aitatasun diru-laguntzak jaso dituztenei Nafarroako Gobernuak onartutako kenkari fiskalak aplikatuko zaizkie. Horrela, aita eta ama horiei 35 milioi euro baino gehiago itzuliko dizkiete, Saizek gogorarazi duenez. “Gatazkari konponbidea emateko Gobernuak onartu zuen irtenbideak berme juridiko guztiak ditu”, azpimarratu duenez.

Oscar Martinez de Bujanda Foru Ogasuneko zuzendariak kanpainaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu. Errenta aitorpena online apirilaren 12an hasiko da, eta aurrez aurre apirilaren 19an. Kanpaina ekainaren 23an bukatuko da. “Digitalizaziorantz aurrerapausoa” ematea helburu jarri du Bujandak, “baina zenbait pertsonak zailtasun handiagoak izan ditzaketela kontuan hartuz”.

207.828 proposamen

Horregatik, 207.828 proposamen dagoeneko eginik bidaliko ditu Nafarroako Ogasunak. Era berean, online tresnak eta telefonoa eskura izango dituzte zergapekoek, baita aurrez aurreko zerbitzua jasotzeko hitzordua eta beste entitate batzuekin hitzarmenak ere.

Jadanik 50.000 gutun bidali dizkiete 67 urtez gorako pertsonei, proposamena paperean jasotzeko, eta beste 100.000 posta pertsona gazteagoei, beste hainbat errenta aitorpen proposamenekin. Hala ere, zergapeko guztiek proposamena egiaztatu dezakete online. Kasu gehienetan ( % 92) zergapekoek oniritzia ematen diete proposamenei.

207.828 proposamenetik (iaz baino % 3,6 gehiago) % 68 itzultzeko dira, guztira, 87,2 milioi euro. Ogasuna apirilaren 16an hasiko da dirua bueltatzen kontu korronteetan. Gainerako proposamenak ordaintzeko dira, guztira, 60,4 milioi euro Ogasunaren alde.

Martinez de Bujandak nabarmendu duenez, pandemiak eragindako itxialdiaren eraginez, errenta aitorpenak online aurkezteko joera bizkortu zen iaz. Guztira, 353.000 aitorpen aurkeztu zituzten euskarri guztietan. Aurten % 1-2 zergapeko gehiago espero dituzte.

Bestalde, zerga-salpuespenak covid diru-laguntzei eragingo diela gogorarazi du Martinez de Bujandak, hala nola, autonomo, migratzaile, zezenketa, turismo eta ostalaritzari bideratutakoak.

Era berean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten pertsonak salbuetsita egongo dira; 2020an 4.700 onuradun. Hala ere, errenta aitorpena aurkeztu beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Koronabirusa