Ekonomia -
NAFARROA
Garbiketen sektoreko greba bertan behera utzi dute, aurrekoardioa lortu ostean
ELA, LAB, Solidari, CCOO eta UGT sindikatuek deitu zuten greba, baina azken biek sinatutako aurrekoardioa tarteko, bertan behera geratu da. ELAk, LABek eta Solidarik "traiziotzat" jo dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroan, CCOO eta UGT sindikatuek garbiketa sektoreko lan hitzarmenari buruzko aurrekoardioa sinatu zuten atzo arratsaldean, eta, ondorioz, bertan behera utzi dute gaur hastekoa zen lau eguneko greba. CCOOk (% 35,29) eta UGTk (% 14,29) gehiengoa dute sektorean.
Patronalaren aldetik, Nafarroako Garbiketa Enpresen Elkarteak (ASPREN) eta ISN Taldeak sinatu dute. Apiriletik aurrera, % 2,5eko soldata igoera aurreikusi dute 2021erako eta % 1,75ekoa 2022rako eta 2023rako.
Gaixoaldietarako ere hobekuntzak adostu dituzte, eta antzinatasuna kontuan hartuko da. Halaber, nahitaezko erretiroa finkatu dute, baldin eta langileek kotizazio aldi osoa egina badute.
Bestalde, hutsune bat sortzen denean lanaldi partzialak handitzea ere erabaki dute.
Nafarroako CCOOko Pilar Piñeirok azpimarratu duenez, akordio horri esker garbitzaileek soldatetan igoera handia eta eskubideetan hobekuntza izango dute. Akordio horrek sektorearen arazo larrietako bat ere arinduko omen du, "partzialtasuna". Horrez gain, Piñeirok eskerrak eman dizkie garbiketa sektoreko langileei (7.500 inguru) erakutsi duten ahaleginagatik eta konpromisoagatik.
ELAk, LABek eta Solidarik UGTren eta CCOOren "traizioa" salatu dute
Greba bertan behera geratu den arren, ELA, LAB eta Solidari sindikatuek deituta, manifestazioa egin dute sektoreko ehunka langilek gaur Iruñean, UGTk eta CCOOk egindako "traizioa" salatzeko.
Javier Santesteban ELAko kideak martxa abiatu baino lehen kritikatu duenez, "halako akordio bat modu horretara (aldebakarrez eta sindikatuen arteko mahaian hitz egin gabe) lortzea euren interesen alde hainbeste eta hain ondo lan egiten ari diren beharginei egindako traizioa da".
"Bost sindikatuok akordioa geneukan oso greba indartsua egiteko, garbitzaileen funtsezkotasuna azpimarratzea zen helburua", erantsi du.
Imanol Salinasen (LAB) hitzetan, aurrekordioa "ez da nahikoa": "Patronala ez da apenas mugitu egin zuen lehen eskaintza horretatik: soldata hamarren batzuk bakarrik igo du. Guretzat traizioa da CCOOk eta UGTk egindakoa".
Lau eguneko greba deitua zuten CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek gaurtik aurrera.