Ekonomia -

FISKALITATEA

ELAk sozietateen zerga igotzea eskatu du pandemiaren eraginei aurre egiteko

Enpresa eta kooperatibentzat "salbuespenik gabeko" gutxieneko % 25eko tasa efektiboa eskatu du, eta ondarearen eta fortuna handien gaineko zergari % 1 eta % 10 bitarteko errekargua egitea.

Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza, gaurko prentsaurrekoan.
Mikel Noval eta Mitxel Lakuntza, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk premiazkotzat jo du uda aurretik erreforma fiskala abian jartzea EAEn eta Nafarroan, egungo osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiaren beharrak arintzeko, aberastasunaren gaineko errekargu eta zerga zehatzak ezarriko dituena. Hala azaldu dute gaur sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek.

Sindikatuak bi neurri zehatz proposatu ditu. Batetik, sozietateen gaineko zergan gutxieneko tasa efektiboa eta "salbuespenik gabekoa" ezartzea, enpresek euren irabazien % 25 ordain dezaten (gaur egun % 7,6 ordaintzen dute EAEko enpresek batez beste, aurkeztu duten txosten baten arabera). Bestetik, ondarearen eta fortuna handien gaineko zergari % 1 eta % 10 bitarteko errekargoa ezartzea.

ELAren kalkuluen arabera, bi neurri horiek ezartzeak EAEn 2.000 milioi euro eta Nafarroan 500 milioi euro biltzea ahalbidetuko luke. Novalek adierazi duenez, "diru gehien duten pertsonek eta enpresek beren kapitalaren zati txiki bat ematea da helburua, covid-19aren ondorioak arintzeko eta zerbitzu publikoei eta gizarte-prestazioei eutsi ahal izateko. Justizia kontua da".

Azaldu duenez, nazioarteko diru-funtsak proposatu ostean, gisa horretako neurriak eztabaidatzen hasi dira hainbat herrialde. Nabarmendu dutenez, sindikatuak aspaldi ohartarazi zuen EAEn eta Nafarroan diru-bilketa maila Europar Batasuneko beste toki batzuetan baino "askoz ere txikiagoa" dela.

Idazkari nagusiak deitoratu egin du "Euskal Herrian tankera horretako neurrien inguruko ezer entzun ez" izana. Lakuntzak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ez ezik, bi erkidegoetako ezkerreko alderdiak ere interpelatu ditu, ezkerrak Euskal Herrian duen "pultsu falta" agerian geratu baita, euren ustez.

Lakuntzak, gainera, "herrialdeko agintari nagusien jarrera demokratiko falta" salatu du, izan ere, "politika fiskalaz hitz egiteko sindikatu nagusiarekin biltzeari ere uko egiten diote".

Horregatik guztiagatik, "Hego Euskal Herria mundu osoan politika fiskalean aldaketa nabarmena eskatzeko gora egiten ari den olatutik kanpo ez geratzeko" kanpaina iragarri dute datozen astotarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Zerga politika