Ekonomia -

AMIANTOA

Duela 11 urte agertutako laringe-minbiziaren lan-jatorria aitortu diote langile bati

Hasiera batean gaixotasun arrunt gisa hartu bazen ere, amiantoarekin zuen kontaktua frogatu ahal izan zen, eta Osalanen zerrendan jaso; horri esker, Gizarte Segurantzak aintzat hartu du azkenean.

Amiantoa. Argazkia: Eurico Zimbres
Amiantoa.
Amiantoa. Argazkia: Eurico Zimbres

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela 11 urte gaixotasun arrunt gisa diagnostikatutako laringeko minbizi baten lan-jatorria onartu dio Gipuzkoako Gizarte Segurantzak amiantoaren eta beste kantzerigeno batzuen eraginpean lan egin zuen galdaragile bati, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (Asviamie) jakitera eman duenez.

Elkarteak azaldu duenez, gaixotasunaren jatorriaren sailkapena aldatu da, langilea amiantoaren eraginpean egon zela frogatu ahal izan delako; horren ondorioz, Osalanek amiantoaren eraginpean egondako langileen zerrendan jaso zuen 2020ko urtarrilean.

Asviamiek ohar batean iragarri du Gizarte Segurantzak, azkenean, "oztopo-lasterketa baten" ostean, gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun iraunkor absolutua onartu diola 72 urteko pentsiodunari, 2010etik laringeko kartzinoma batek jota dagoena. Erabaki honi esker, "nabarmen" hobetuko diote pentsioa.

Beharginak galdaragile gisa lan egin zuen 1977 eta 1988 artean, Pedro Orbegozo-Acenor enpresan, amiantoarekin eta beste kantzerigeno batzuekin kontaktuan, baita "Montajes Nervion, Talleres Uriarte, Taymo eta Caldereria Jaizkibel enpresetan ere, Tubacex, Michelin eta Laminaciones de Lesakan mantentze-lanak egiten", elkartearen arabera.

Langile horren kasua Osalanen zerrendan jaso da, amiantoarekin harremanetan egon zela frogatu ostean. Asviamiek salatu duenez, "enpresek ez zuten bete Osalani langilea amiantoaren eraginpean zegoela jakinarazteko betebeharra, eta, ondorioz, laringeko kartzinoma eta ezintasun iraunkorra gaixotasun arrunt gisara tratatu eta konpentsatu ziren". Gainera, adierazi dute osasun-langileek ez zutela bete 1299/2006 Errege Dekretuaren arabera laneko gaixotasunaren "susmoa" jakinarazteko betebeharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak