Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
PSEk eta PPk 2012ko aurrekontuak onartu dituzte Legebiltzarrean
Gainerako alderdiek kritikatu egin dituzte laguntza sozialetan eta funtzionarioen lan-baldintzetan izango diren murrizketak. Matxura baten ondorioz, bozketa aurreikusi baino beranduago egin dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak EAEk 2012an izango dituen aurrekontuak onartu ditu PSE-EEren eta PPren aldeko botoei esker. 10.449 milioi euroko aurrekontua izango du EAEk datorren urtean, iaz baino % 1 gutxiago. Laguntza sozialak % 7 murriztuko dira aurrekontu berrietan eta, gainerako alderdiek gogor kritikatu duten arren, funtzionarioen lan-baldintzak murriztuko dira.
Eusko Legebiltzarraren babesa jaso dute aurrekontuek PSE-EEren eta PPren aldeko 38 botoekin, EAJren 30 legebiltzarkideen abstentzioarekin eta Aralarren, EAren, EBren eta UPyDren kontrako botoekin.
Aurrekontua 10.449 milioi eurokoa izango da, iaz baino % 1 txikiagoa. Zati handiena (% 72,7) zerbitzu publikoetara eta babes sozialera bideratuko da.
Gastu sozialari dagokionez, biztanleko 3.450 euro egongo dira eta gehiena Osasunera eta Hezkuntzara bideratuta egongo da.
Joana Madrigalek (PSE-EE) esan duenez, beste leku batzuetan "ez oso urrun, langile publikoak kaleratzen eta eskolak eta ospitaleak ixten dituzten bitartean, Euskadin aurkezten den aurrekontu proposamenak lerro gorriak ditu": osasuna, doako hezkuntza, baliabiderik gabe geratu diren herritarrak babestea eta Euskadi berritzaile baten aldeko apustua.
Anton Danboreneak (PP) argi adierazi du aurrekontuak ez direla PPrenak, baina babestu egingo dituztela aurrekontuen egonkortasuna eta zorraren mugak dituelako helburu, diru-sarrerek behera egin arren.
Oposizioko taldeen aldetik, Ricardo Gatzagaetxeberria (EAJ) oso kritiko izan da Jaurlaritzak "alderdi nagusiarekin" izan duen jarrerarekin, haiekin negoziatu ere ez duelako egin.
Mikel Basabek (Aralar) ere Jaurlaritzako "inor ere ez" dela haiekin harremanetan jarri salatu du eta aurrekontu horiekin krisia "gutxien dutenek eta langile publikoek" ordainduko dutela kritikatu du.
Juanjo Agirreazabalak (EA) aurrekontuen kontra bozkatu du, izan ere, "ez diete herritarren beharrei erantzuten, ekonomia krisia larritzen dute, eta langabezia eta babes gabezia areagotuko dituzte".
Mikel Aranak (EB), bere aldetik, PSE-EE eta PP kritikatu ditu, zuzenketarik ez dutelako onartu.
Gorka Maneirok (UPyD), berriz, funtzionarioen soldatak eta laguntza sozialak murrizten diren bitartean PPren esku dauden Udalek diru gehiago jasotzen dutela salatu du.
Matxura batek osokoa eten du
Eusko Legebiltzarreko sistema informatikoetan izandako matxura baten ondorioz, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak gelditu egin du osoko bilkura eta aurrekontuen bozketa aurreikusitako baina beranduago egin da.