Publizitatea
Itxi

2021/04/28

13:50

Ekonomia

Luizia

Urkulluk Zaldibarko zabortegian egiten ari diren lanak gainbegiratu ditu

EITB MEDIA

Joaquin Beltranen gorpua egon litekeen gunetik hondakinak kentzen ari dira, maiatzean bilatze lanei ekiteko. Lanok nola doazen ikusten izan dira lehendakaria eta Tapia eta Erkoreka sailburuak.

  • Urkullu, Tapia eta Erkoreka, Zaldibarren.

    Lehendakaria, Zaldibarren, sailburuakin (bizkarrez) batera. Argazkia: Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatuta, duela urtebete baino gehiago amildu zen Zaldibarko Verter Recycling enpresako zabortegian maiatza erdialdean hasiko dira Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko falta den azken "eremu beroa" arakatzen. Hain justu, zabortegiko eremu horretan egiten ari diren lan horiek gainbegiratzen egon da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka, hurrenez hurren, Ekonomiaren Garapen eta Segurtasun sailburuekin.

Gune horretan zegoen Beltranen ibilgailua, giltzak jarrita eta motorra martxan, zabortegian behera 100 metro labaindu zenean. Adituen esanetan, bilatze lanak ez dira errazak izango, geoteknikoki eremu konplexua delako, trinkotasun gutxikoa. Beste ziurgabetasun bat eremuko baldintza espezifikoena da, batez ere hartutako tenperaturari dagokionez, bai lur-jausia gertatu zen unean, bai gerora lixibiatuak egon zitezkeelako, eta horien neurketak beste eremu batzuetan 70 ºC inguruko erregistroak islatu dituelako.

Dena dela, "itxaropen guztiak" azken gune horretan daude, eta eremua ondo arakatzeko 15.000 metro kubiko hondakin aratu dituzte. Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, "gurpil-garbiketaren eremuan egin berri diren lanetan, operatiboko teknikariek harriduraz egiaztatu dute hormigoizko egiturak higatuta zeudela istripuaren unean lortutako marruskaduraren eta tenperatura altuen ondorioz".

Eremu berora hurbiltzeaz gain, "DS1 hondakinen biltegia egonkortzeko, trinkotzeko eta osatzeko lanak egiten ari dira, zigilatzen denean zabortegiaren formak, perimetroko kontuetara erortzen diren euri-ur garbiak bidera ditzan, ura kutsatzea eta lixibiatua sortzea saihestuz", argitu du Jaurlaritzak.

Gaurdaino, 700.000 metro kubiko hondakin baino gehiago mobilizatu dira eta 400.000 metro kubiko baino gehiago aratu dituzte, hain zuzen ere, lehentasunezko bilaketa-eremuei dagozkienak, luiziaren aurreko Joaquin Beltranen kokapenaren arabera.

112ko Larrialdietako Zerbitzuak (SOS Deiak) eta Ertzaintza hustutako bilaketa-materialaren metro kubiko bakoitza ateratzeaz eta zehatz-mehatz aztertzeaz arduratu dira. Jaurlaritzaren esanetan, "oso lan konplexua da, zailtasun handiak dituena eta Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko txakur-unitateen eta Polizia Zientifikoaren Unitatearen laguntza behar ditu".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena