Ekonomia -

Irregulartasunak Osakidetzan

Osakidetzako beste goi-kargu bat auzipetzea eskatu du LABek, oposaketen auzian

Miriam Aparacio Sanz Hautaketa Zerbitzuko buruzagi ohiari, besteak beste, kontratazioan iruzurra egin izana eta sekretupeko informazioa zabaltzea egotzi dio.

Osakidetzako deialdi publikoaren artxiboko irudia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Osakidetzako deialdi publikoaren artxiboko irudia.
Osakidetzako deialdi publikoaren artxiboko irudia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak Osakidetzako beste goi-kargu bat auzipetzea eskatu du, 2016-2017ko lan-deialdi publikoan izandako irregulartasunen harira abian den prozesu judizialaren baitan. Halaber, beste hainbat ikerketa hastea galdegin du.

Ohar bidez jakinarazi duenez, Miriam Aparacio Sanzen auzipetzea eskatu du. Azterketak filtratu ziren garaian Osakidetzako Hautaketa Zerbitzuko buruzagia zen eta sindikatuak, besteak beste, ondoko delituak leporatzen dizkio: kontratazioan iruzurra egin izana, sekretupeko informazioa zabaltzea eta legez kanpo aritzea.

Delitu horiek egotzita, joan den ekainean beste bost goi-karguren auzipetzea galdegin zuen LABek: Jon Darpon Osasun sailburu ohia;  Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari izandakoa; Juan Carlos Soto eta Xabier Balerdi Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari eta zuzendariorde ohiak; eta Andoni Arcelay Osasun Asistentziarako zuzendaria.

Horrez gain, sindikatuak beste hiru pertsona ikertzea eta deklaratzera deitzea eskatu du: Debako Traumatologiako zerbitzu burua eta kirurgia plastikoko lehen azterketa prestatu zuten bi lagunak.

Ildo berean, beste sei pertsona lekuko gisa deklaratzera deitzea galdegin du, tartean da Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia.

LABek berretsi egin du azterketa hura "ustelkeriaren adibide garbia" izan zela eta ezinbestekotzat jo du lan-deialdi publikoetako prozedurak zorrotz aztertzea, "inpunitatearekin amaitzeko eta aukera berdintasuna bermatzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak