Publizitatea
Itxi

2021/05/11

18:55

Ekonomia

Espainiako Estatua

'Rider' legea onartu dute, eta plataformek kontratua egin beharko diete langileei

agentziak | eitb media

Sindikatuentzat ez da nahikoa, Just Eatek defendatu egin du, eta Glovo, Deliveroo eta Ubereatsek gogor jo dute bere kontra.

  • Glovoren banatzailea. Argazkia: EITB

    Glovoren banatzailea. Argazkia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Gobernuak 'rider' deituriko plataforma digitalen banatzaileei kontratua egitera behartzen duen legea onartu du, baina sindikatuek uste dute hankamotz geratzen dela, beste sektore batzuetako autonomo faltsuak kanpoan uzten dituelako.

Espainiako Ministroen Kontseiluak patronalarekin eta sindikatuekin akordioa sinatu eta bi hilabetera onartu du lege dekretua, eta, orain, enpresek hiru hilabeteko epea izango dute egokitzeko.

Yolanda Diaz Lan ministro eta hirugarren presidenteorde espainiarrak azaldu duenez, legearen oinarria da plataforma digitalentzat lan egiten duten banatzaileek lan harremana dutela enpresekin.

Hala, Langileen Estatutuak jasotzen dituen eskubide guztiak dituzte, soldatari, kotizazioari, babes sozialari, antolaketari eta sindikalgintzari dagokionez.

Legeak Langileen Estatutua aldatzen du, eta lan harremana aitortzen dio plataforma digitalen bitartez edo zerbitzu algoritmoekin kudeatzen diren banaketari.

Lehenengo aldiz egin dute lege bat lan erabakietan eragina duten adimen artifizialeko sistemen algoritmoei buruz.

CCOOk txalotu du legea "norabide onean" doala, 'rider'en langile izaera indartzen duelako, eta enpresei algoritmoei buruzko gardentasuna exijitzen dielako. Hala ere, uste du ez dela "nahikoa", eta "harago" joango beharko litzatekeela.

Pepe Alvarez UGTren idazkari nagusiak azpimarratu du legea "oso garrantzitsua" dela, "etxez etxeko banaketan lan egiten dutenen segurtasun arazo larri bat konpontzen" duela, eta hori ona dela "langileentzat, Gizarte Segurantzarentzat eta herrialdearentzat".

Autonomo izaeraren aldeko ehunka banatzailek manifestazioa egin dute gaur negoziazioetan ez dutela parte hartu salatzeko, eta diputatuei ez onartzeko eskatu diete.

"Riders x Derechos" elkarteak, berriz, uste du araua ez dela "nahikoa", eta "gutxi" dagoela "ospatzeko", "itxuran" aldarrikatzen dutena jasotzen badu ere, banatzaileak langile egiteko prozesuan "bermerik" ez dagoelako.

Deliveroo, Glovo, Stuarte eta Ubereats plataforma digitalek gogor jo dute legearen aurka, sektorearen garapena "arriskuan" jartzen duelakoan, baina Just Eatek defendatu egin du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;