Ekonomia -
Erreakzioak
Rubalcaba: 'Neurri latzak dira eta depresio ekonomikoan sartuko gara'
EAJ, berriz, "oso arduratuta" dago, hartutako neurriek krisia "areagotu" egingo dutelako. Sindikatuek ere gogor kritikatu dituzte Gobernuaren murrizketak eta patronalak, aldiz, gustura hartu ditu.
Erredakzioa
Sozialisten Parlamentuko Taldeko presidenteak, Alfredo Perez Rubalcabak, esan duenaren arabera, Gobernuak onartu dituen murrizketa neurriak latzak dira, erdi mailako errentari, errenta apalari, gazteei eta pentsiodunei eragiten dielako gehien bat. Adierazi duenez, neurriek "depresio ekonomiko larri batera" eramango gaituzte.
Bere ustez, "katua erbitzat saltzen saiatzen ari da kontabilitateko trikimailu horrekin". Guzti hori, hauteskunde-kanpainan gezurrak esan zituela ez aitortzeko egin du; zergak igoko ez zituela esan zuen. Etorkizunean BEZa igo dezakeela usten duela gaineratu du, "5.000 milioi" gelditzen direlako murrizteko.
PFEZaren igoerari dagokionez, kontsumoa gutxitu egingo da, eta horrek eraginda, enplegu gehiago suntsituko da, eta ekonomia sustatzeko neurriak ez dituztenez onartu, Gobernuak planteatutako murrizketek "atzeraldi ekonomiko larri batera eramango gaituzte".
EAJ
Bestalde, EAJko diputatuak, Pedro Azpiazuk, "sekulako kezka" erakutsi du Gobernuak onartutako neurri ekonomikoen aurrean. Bere ustez, Espainiako ekonomiaren "atzeraldi sakon bat areagotuko dute". Gainera, murrizketen "aldebakarra" gaitzetsi du, eta jakinarazi duenez, hurrengo urtarrilaren 11an, EAJk lege-dekretuaren baliozkotzearen alde egitea nahi badu, neurriak alderdi jeltzalearekin "negoziatu" beharko ditu.
UGT
UGTko Ekintza Sindikalaren idazkariak, Toni Ferrerek, esan duenez, neurri horiek onartzea "seinale txar bat da" eta "okerreko bide batetik doaz". Ohartarazi duenaren arabera, neurriak "gogorragoak" izango dira hurrengo martxoan, 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektua aurkezterakoan; eta murrizketa neurriak izan beharrean, neurri pizgarriak ezartzea eskatu dio Gobernuari, lehenengoak "herrialdea gehiago pobretuko dutelako".
CCOO
Bestalde, CCOO Ekintza Sindikalaren idazkariak, Ramon Gorrizek, neurri ekonomikoen aurka egin du "betebetean", eta esan duenaren arabera, "hasiera txar bat dira" eta "herrialdeak ez ditu behar". Jakinarazi duenez, PPk bere politika neoliberaletan sakontzen jarraitzen badu, mobilizazioak egongo dira horiek aldatzeko.
CEOE
Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak (CEOE), berriz, esan duenez, "neurriak beharrezkoak dira, erabaki atseginak ez izan arren". Adierazi duen arabera, sektore publikoak eta pribatuak, erabat beharrezkoak diren murrizketak egin eta erabaki "konplikatuak" hartu behar izango dituzte.