Ekonomia -

LAN-GATAZKA

ELAk bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Maiatzaren 20an eta ekainaren 14an izango dira. Sindikatuak salatu duenez, Aldundia ez da gai langileekin biltzeko euren lan-baldintzak hobetzeko.

Manifestazioa Donostian. EiTB Mediaren bideo batetik ateratakoa artxiboko irudia.
ELAk bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Manifestazioa Donostian. EiTB Mediaren bideo batetik ateratakoa artxiboko irudia.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako egoitzetako ELAko langileek beste bi greba egun deitu dituzte maiatzaren 20rako eta ekainaren 14rako, "Aldundiaren immobilismoaren aurrean"; izan ere, "ez da gai" langileekin bildu eta eskatzen dituzten lan-hobekuntzei erantzuteko.

ELAk salatu duenez, Aldundiak "beste alde batera begiratzen du" eta "ez da langileekin biltzeko gai, nahiz eta horretarako eskaera asko egin". Ondorioz, "gatazka larriagotzen ari da", azaldu du sindikatuak.

Hori dela eta, langileek grebarekin jarraituko dutela ohartarazi du, eta 24 orduko beste bi greba egun deitu dituzte maiatzaren 20rako eta ekainaren 14rako.

Sindikatuaren arabera, "azken bi urteetan Foru Aldundiari bilera eskaerak egin ostean, langileek ez dute erantzunik jaso". "Egoera horren aurrean, langileak Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin bildu ziren apirilean", gogorarazi du.

ELAren ustez, "ulertezina da estatu demokratiko batean erakundeetako ordezkariek gatazkan dauden langileei biltzeko eskubidea ukatzea".

Gainera, egoitzetako langileei, pandemian euren bizitza arriskuan jarri dutenei, umiliatu, alboratu eta balioa kendu nahi dietela salatu du sindikatuak.

"Ondo baino hobeto dakite egoitza-ereduak huts egiten duela eta langileen menpe daudela. Horregaik, zutik irauteko esplotatuta eta menderatu egiten gaituzte", gaineratu du.

Azkenik, "sektore honetan bizitza zaintzen duten langileak baloratzeko eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua emateko" mobilizatzen jarraituko dutela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoako albisteak EAE Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Egoitza geriatrikoak Lan gatazkak azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak