Ekonomia -
Ministerioaren datuak
Langabezia % 6,9 hazi zen EAEn eta % 9,15 Nafarroan, 2011n
Guztira, 145.394 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 46.946 Foru Erkidegoan. Espainian, langabeziaren gorakada % 7,86koa izan zen 2011n.
Erredakzioa
Langabezia % 6,94 hazi zen EAEn 2011n, 2010eko datuarekin alderatuta. Guztira, 145.394 langabe zeuden 2011ko amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urteko amaieran baino 9.433 gehiago, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
Abenduan, 420 pertsonak eman zuten izena Inemen bulegoan EAEn.
Nafarroan, enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan izena emandakoen kopurua 46.946ra iritsi zen 2011ko amaieran, 2010ean baino % 9,15 gehiago dira, 3.935 langabe gehiago.
Iragan abenduan, Foru Erkidegoko langabezia tasa % 2,41 hazi zen 1.107 langabe gehiago zenbatuta.
Espainia
Langabeziak gora egin zuen iragan abenduan eta azaroan baino 1.897 langabe gehiago zenbatu zituzten. Guztira, 2011 amaieran 4.422.359 langabe zeuden Espainian, aurreko urtean baino % 7,86 gehiago (322.286), Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
Eraikuntzan izan da langabeziaren gorakada handiena, % 3,16koa hain zuzen ere.
Engracia Hidalgo Enplegu estatu idazkariak agiri batean adierazi duenez, datuok agerian uzten dute "urteko bigarren seihilekoan egoera ekonomikoak behera egin duela" eta "erdizkako erreformek" ez dutela lan merkatua "dinamizatu eta malgutu".
Espainiako Gobernua
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak esan du langabeziari buruzko datu "txarrek" agerian uzten dutela Espainiaren arazo nagusia langabezia dela, eta Ongizate Estatua ere kolokan jartzen duela tasa altu horrek.
Eusko Jaurlaritza
Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak esan du abenduko langabezia datuak "krisia hasi zenetik abendu batean izan ditugun hoberenak" izan direla. Abenduan, 420 pertsonak eman zuten izena Inemen bulegoan EAEn.