Ekonomia -
Langabezia datuak
Jaurlaritza: 'Krisian gaudenetik izan dugun abendurik onena izan da'
Langabezia % 6,94 hazi zen EAEn 2011n, 2010eko datuarekin alderatuta. Guztira, 145.394 langabe zeuden 2011ko amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Erredakzioa
Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak esan du abenduko langabezia datuak "krisia hasi zenetik abendu batean izan ditugun hoberenak" izan direla. Abenduan, 420 pertsonak eman zuten izena Inemen bulegoan EAEn.
Ohar batean, Espainiako Gobernuak gaur iragarritako langabezia eta Gizarte Segurantza datuak baloratu egin ditu Ruizek.
Langabezia % 6,94 hazi zen EAEn 2011n, 2010eko datuarekin alderatuta. Guztira, 145.394 langabe zeuden 2011ko amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urteko amaieran baino 9.433 gehiago, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
Krisi ekonomiko bateko "datuak" direla onartu du Enplegu sailburuordeak, baina "krisia hasi zenetik izan dugun abendurik onena" izan dela azpimarratu du.
Gabonetarako egindako kontratuek abenduko datua hobetu egin dutela esan du Ruizek.