Ekonomia -

corrugados azpeitia

Azpeitiko herritar talde batek alkatea babesteko ekitaldia deitu du larunbaterako

Alkateak Corrugados auzian hartu duen jarrerarekiko babesa "kalean erakusteko unea" dela iritzita, larunbatean 12:00etan Azpeitiko plazan egingo den Babes Ekitaldira gonbidatu dituzte herritarrak.

Azpeitiko Babes Ekitaldiaren deitzaileak. Irudia: deitzaileek bidalia.
Azpeitiko Babes Ekitaldiaren deitzaileak.
Azpeitiko Babes Ekitaldiaren deitzaileak. Irudia: deitzaileek bidalia.

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azpeitiko herritar talde batek Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko ekitaldia deitu du larunbaterako, Eutsi Nagore, asko gara! lelopean. Deitzaileek siglarik eta kolorerik gabeko bideo bat grabatu dute ekimena iragartzeko. Esan dutenez, Udalak eta, bereziki, "Nagore Alkorta alkateak Corrugados auzian hartu duten jarrerarekiko babesak" lotu ditu. Hain zuzen ere, "babes hori kalean erakusteko unea" dela iritzita, egin dute deialdia. Babes ekitaldia, larunbatean izango da, eguerdiko 12:00etan Azpeitiko plaza nagusian.

"Politikariek, kazetariek eta enpresarien patronalek hitz egin ostean", adierazi dute "herritarrei ere" badagokiela hitza hartzea. "Ardura handiko politikariek gure herriaz, gure udalaz, eta bereziki Nagore Alkorta alkateaz esan dituztenek asaldatuta gauzkate. Hedabide handien laguntza izan dute giroa nahasteko, gezurrak esateko, eta gurean ilusio faltsuak sortzeko. Baina azpeitiar askok gertutik jarraitu dugu auzia, eta argi dugu errealitatea ez datorrela bat komunikabide handiek eta politikari boteretsuek kontatu digutenarekin. Herrian bizi gara, eta begirada kritikoz jarraitzen dugu hemen gertatzen dena" adierazi dute.

Alkatea "gardentasun eta profesionaltasun handiz" aritu dela defendatu dute; "gardentasunez, herritarrak informatuta izan gaituelako, egon zitezkeen zalantzak argitzen saiatu delako uneoro, eta aurpegia behar den leku guztietan eman duelako. Profesionaltasunez, gaiarekiko ezagutza tekniko eta juridikoa erakutsi duelako, eztabaida eta elkarrizketa guztietan koherentziaz aritu delako eta auziari dagozkion ertzak argi azaldu dituelako".

Halaber, "gurean kez eginiko gazteluak saltzen dabiltzanei" zuzendu dira, Azpeitia eta alkatea "bakean uzteko" eskatzeko, "denak ez du balio, gezurra eta manipulazioa jarrera itsusiak dira politikan eta bizitzan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Azpeitia albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Industriaren azken ordukoak