Ekonomia -
KONTSUMOA
OCUk txalotu egin du Air Europak bezeroei dirua itzultzea erabaki izana
Hegazkin konpainiak bertan behera utzitako bidaien truke ordaindutakoa jaso ez duten bezeroen espedienteak berrikusteko konpromisoa hartu du.
EITB MEDIA
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) txalotu egin du Air Europak bezeroei dirua itzultzea erabaki izana. Hain zuzen ere, bidaiaren kostua itzuli gabe duten espedienteak berrikusteko konpromisoa hartu du konpainiak.
Apirilaren 30ean, OCUk bitartekaritza kolektiboa egiteko eskaera igorri zien erreklamazio gehien dituzten airelineei (Iberia, Vueling, Air Europa eta Ryanair) eta bidaia-plataforma eta -agentziei (Rumbo, Logitravel, Travelgenio, eDreams eta Booking); izan ere, bidaia bertan behera utzi ostean erreklamazio gehien jaso eta itzulketa gehien egin behar dituzten enpresak dira.
OCUren arabera, helburua "adiskidetzeko irtenbide bat lortzea da, prozedura judizialik bideratu behar ez izateko eta bidaiak bertan behera uzteagatik kaltetu diren milaka pertsonen arazoa konpontzeko".
Erakundeak positibotzat jo du Air Europaren jarrera, eta sektoreko gainerako konpainiei "jardunbide egokiak" bultzatzeko eskatu die, arazoa "behin betiko" konpondu ahal izateko.
"Kaltetutako kontsumitzaile guztiek bat egin dezakete deuseztatutako bidaien inguruko kanpainarekin, pandemiagatik gozatu ez dituzten bidaien dirua berreskuratzeko", azaldu du.