Ekonomia -

EITB DATA

EITB DATA: Euskal familiek ekonomian konfiantza berreskuratu dute

Familien kontsumoaren eta etxebizitzaren salerosketen igoerek adierazten dute herritarrak euren etxeetako etorkizun ekonomikoaren gaineko baikortasuna berreskuratzen hasi direla.

EITB DATA: Euskal familiek konfiantza berreskuratu dute. EITB MEDIA
EITB DATA: Euskal familiek konfiantza berreskuratu dute
EITB DATA: Euskal familiek konfiantza berreskuratu dute. EITB MEDIA

Olatz Prat | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal familien konfiantza ekonomikoak goranzko joera hartu du, urtebete baino gehiagoz oso maila baxuan egon ostean. Hala erakusten dute erakunde zenbaitek egindako azterketek, herritarrek baikortasunez begiratzen diotela etorkizunari ekonomia orokorraren eta langabeziaren arloetan.

EAEn Kontsumitzaileen Konfiantza Indizea, KKI gisa ezagutzen dena, 2an kokatu da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekotik 32 puntuko igoera nabarmenarekin. Hobetzeko itxaropena ekonomia orokorrari eta langabeziari dagokionez igo da gehien, 50 eta 58 puntuko igoerarekin hurrenez hurren. Aurrezteko gaitasunaren inguruko itxaropena 10 puntu igo da, 4 puntu positibotan kokatuz; negatiboan mantentzen den aldagai bakarra etxeko ekonomiarena da, 14 puntutan hobetu arren, -2an gelditu baita oraingoz. 

Nafarroako Estatistika Institutuak ez ditu oraindik bigarren hiruhileko datuak publikatu, baina, 2021eko lehen hiruhileko joera baikorrak konfiantza asko igo dela erakusten du, 2020ko azken hiruhileko -41,1etik -25,2ra; horregatik, espero behar da Nafarroako KKIa ere gorantz joango dela hiruhileko honetan.

Hau zure interesekoa izan daiteke: Zer da KKI edo Kontsumitzaileek Konfiantza Indizea?

Duela urtebete EAEko, Nafarroako eta Europako kontsumitzaileek uste izan bazuten ere euren egoera ekonomikoa okerrera joango zela koronabirusaren krisiaren eraginez, 2021eko bigarren hiruhileko honetan ikusi denez, osasun egoera hobera doan heinean (eta irudipen hori dute herritarrek), etorkizun ekonomikoaren inguruko itxaropenak ere hobera egin du. Hori hala izanik, urtebetean lehen aldiz 0aren bueltan edo hortik gora kokatu da KKI indizea; bestela esanda, herritarren artean baikortasuna nagusitzen ari da berriro, Laboral Kutxa, Eustat, Nafarroako Estatistika Institutua, Eurostat edo EINren txostenetako datuek erakusten dutenez.

Iritzi emaileen egoera pertsonalari begiratuz gero, ikusten da konfiantza galera parekoa izan dela emakumezkoen eta gizonezkoen artean, baina azken horiek bizkorrago ari dira baikortasuna berreskuratzen. Gazteek nagusiagoek baino beranduago eta neurri apalagoan galdu zuten konfiantza. Halere, badirudi konfiantza hori berreskuratzea zertxobait gehiago kostatzen ari zaiela. Bestalde, langabezian dauden pertsonak izan dira ezkorrenak, eta itxaropenaren berrskuratze hori kasu guztietan gertatzen den arren, langabetuen kasuan txikiagoa da igoera hori.

Pandemiaren osteko igoera

2020ak, pandemia lehertzearekin bat, ziurgabetasun eta mugikortasun mugaz beteriko agertokian jarri zuen euskal jendartea, eta horrek hainbat adierazle modu esanguratsuan uzkurtzea ekarri zuen. Etxeetako kontsumoa, esaterako % 10,7 jaitsi zen Euskadin eta % 8,9 Nafarroan. Alabaina, 2021a hasi zenetik joera gorantz doala ikusten da. Eustaten arabera, etxeetako kontsumoa % 0,9 igo zen EAEn aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, baina, pandemia aurreko (2019) maila baino % 8,9 baxuagoa da oraindik, hala eta guztiz ere.

EITB DATA: Etxeko kontsumoa

Bestetik, etxebizitzen salerosketari ere kalte nabarmena egin zion pandemiak, % 15,0 jaitsi zen Euskadin eta % 17,5 Nafarroan. Datuek erakusten dutenez, adierazle hori ere hobera doa orain; izan ere, 2021eko lehen hiruhilekoan % 24,2 hazi zen aurreko hiruhilekotik, pandemia aurreko egoeratik % 1,8 gora. Nafarroan gorakada hau are nabarmenagoa izan da, % 40,6koa, pandemia aurreko egoera % 22,6an gaindituz. 

Edozein modutan, kontuan izan behar da igoera honen arrazoia covid urtean atzeratuta gelditutako operazioak gauzatzea izan daitekeela. Beraz, adituek diotenez, ikusi beharko da datozen hilabeteetan zer gertatzen den, sektorearen argazki xeheago bat lortzeko.

EITB DATA: Etxebizitzaren salerosketa

Aurrezte historikoa

Aurrezte tasa historikoa izan da pandemiaren ondorioetako bat. Estatuko datu orokorrak erakusten du familiek euren errentaren % 12,3 aurreztu zutela, aurreko krisialdietako kopuruetatik oso gora (2009 eta 2013 artean % 8,7koa izan zen tasa) eta baita pandemia aurreko urteetako %5eko aurrezte tasatik gora ere.

Aurrezte hau hiru arrazoiengatik gertatu da: batetik, gastatu ezina edo nahitaezko aurreztea; bestetik, aurreikuspenezko eta badaezpadako aurreztea, ziurgabetasunak bultzatuta, eta, azkenik, "sartzen den guztia ez gastatzea" edo ohiko aurreztea.

Pentsatzekoa da egoera ekonomikoa eta enpleguarena hobetzeak aurrezki horiek askatzea (batez ere, nahitaezkoa eta badaezpadakoa) ekarriko duela, kontsumora bideratuz.

Hala ere, kontuan izan behar da euskal familiek aurrezten jarraitzeko asmoa edo itxaropena dutela eta, beraz, aurreztutako guztia ez dela, nahitaez, kontsumorako diru bihurtuko.

EITB DATA: Aurrezte tasa

Inguruarekin konparaketa

EAEko eta Nafarroako herritarrek konfiantza EB-27 herrialdeetakoekin konparatzen bada, ikusten da, covid-19aren krisiaren aurrean jarrera ezkorragoa hartu bazuten ere, konfiantza bizkorrago berreskuratzen ari direla. Hala eta guztiz ere, ez da bistatik galdu behar gizarteak desberdinak direla, une desberdinetan daudela eta pertsonek modu desberdinean baloratu dezaketela egoera bakoitza.

Hala ere, honakoa atera daiteke datuetatik: EB-27ko herrialdeetako konfiantza indizea -17koa izan zen batez beste (-12 Alemanian, -14 Frantzian eta -6 Espainian); EAEn -30eraino jaitsi zen eta -38ra Nafarroan.

Nafarroako datuaren faltan, 2021ko bigarren hiruhileko datuek erakusten dute EAE dela konfiantza hori agudoen berreskuratu duen herrialdea, 32 puntu gora eginda (EB +9, Alemania +5, Frantzia +8 eta Espainia +15).

EITB DATA: Konfiantza Europan

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Etxebizitza EITB Data