Ekonomia -

agur pezetari

Azken deia euroak pezetengatik aldatu nahi dituztenentzat

Euroa sartu zela ia hogei urte pasa direnean, gaur izango da Espainiako Bankuak pezetak euroengatik aldatuko dituen azken eguna. Euro aurreko pezeten % 45 aldatu gabe geratuko dela uste dute.

Jende-ilarak gaur, Bilboko sukurtsalean. Argazkia: Urtzi Gartzia (Euskadi Irratia)
Jende-ilarak gaur, Bilboko Espainiako Bankuaren sukurtsalean
Atzo 30 milioi pezeta aldatu ziren Bilbon

1:11

Olatz Prat | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur izango da pezetak euroengatik aldatzeko azken eguna, eta Espainiako Bankuaren sukurtsaletan osatu diren jende-ilarak ikusita, Bilboko Gran Via-koan kasu, esan daiteke askok azken unera arte itxaron dutela horretarako. 

Datorren urteko urtarrilaren 1ean hogei urte beteko dira espainiar Estatuan euroak pezetaren lekua hartu zuenetik, eta Espainiako Bakuaren kalkuluen arabera, euroaz aurretik zirkulazioan zeuden pezeten % 55 aldatua egongo da ordutik hona. Gaurko eguna amaitzean, aldatzeko epea agortuta, pezeten gainerako % 45 herritarren esku geratuko da, oroitzapen edo bildumako objektu gisa, hondatu edo galdua egongo da edo turisten poltsikoetan beste herrialde batzuetara joana izango da.

Espainiako Bankuak ezagutzera emandako azken datuen arabera, maiatzean estatuko herritarrek 1.584 milioi euro zituzten pezetetan artean aldatu gabe, 263.555 milioi pezeta, beraz. Horietatik 132.942 milioi pezeta billeteetan zegoen (799 millioi euro) eta 130.613 milioi pezeta txanponetan (785 milioi euro).

Herritarrek, batez beste, 170 euroko baliozko pezetak aldatu ditu eta zenbatekoak askoz handiagoak izan dira billeteetan txanponetan baino. Halere, izan omen da azken egunotan milioika pezeta aldatzera gerturatu denik ere.

Concha Jimenez Espainiako Bankuko Eskudiruaren eta Sukurtsalen zuzendari nagusiak adierazi duenez, "azkenean aldatzeko geratuko den kopurua pertsona bakoitzaren jarreraren araberakoa izango da, baina gehiena azken urteetan jada trukatu dela esan dezakegu".

Gogoratu behar da kanbio-tasa euro bakoitzeko 166,386 pezetakoa dela, hasierako kanbio-balioa mantenduz. Trukerako ez dira kontuan hartuko billete edo txanponen antzinatasuna edo egoera bezalako alderdiak.

Eragiketak arintzeko, Espainiako Bankuak pezetak entregatzeko "sistema azkarra" eskaintzen du, zenbatu ostean, dirua aldaketa eskatzen duenak adierazten duen kontu korrontean ordaintzeko.

1939az geroztik jaulkitako billete eta txanpon guztiak alda daitezke. 1936 eta 1939 artean Gerra Zibilaren garaian jaulkitako billeten kasuan, Espainiako Bankuko adituek aztertu egin beharko dituzte aldez aurretik.

Azken deia, beraz, txanponak aldatu nahi dituztenentzat. Baina, nola ez, egongo da bihartik aurrera pezeta-altxorren bat ezkutatuta aurkituko duenik. Dena ez dago galduta, legezko txanponera aldatu ezin izan arren, baliteke altxor interesgarria izaten jarraitzea, hori bai, bilduma-merkatuarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak