Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Saenz de Santamariak defizit helburua beteko dutela berretsi du
Bestalde, Gobernuak betebeharrak ezarriko dizkie kudeatzaile publikoei, legez, aurrekontuak betetzen ez badituzte zigortu ahal izateko.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteorde eta bozeramailearen hitzetan, Gobernuak zerga finkapenaren inguruko helburuak eta Bruselari agindutako % 4,4ko defizit murrizketa betetzeko "borondatea eta ausardia" ditu.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Soraya Saenz de Santamariak Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroaren hitzak zuzendu ditu. Espainiak defiziterako helburua beteko ote dituen zalantzak azaldu ditu Montorok Alemaniako egunkari batean egindako elkarrizketa batean.
Saenz de Santamariak gogora ekarri duenez, defizita murriztea "nahitaezko neurria" da enplegua sortzeko.
"Gobernuaren zeregin guztiak enplegua sortzera bideratua daude. Horretarako ezarritako helburuak bete behar dira", esan du.
Ildo horretan, egoera ekonomikoak lan gogorragoa eta erreforma gehiago ezartzea eskatzen badu Gobernuak neurri gehiago hartuko dituela esan du.
Zigorrak, kudeatzaile publikoei
Bestalde, Gobernuak betebehar batzuk ezarriko dizkie kudeatzaile publikoei, legez, “engainua" egin dutela frogatzen bada edo erkidegoetako aurrekontu ekonomikoak edo defizit mugak betetzen ez badituzte zigor penalak jarri ahal izateko.
Soraya Saenz de Santamariak azaldu duenez, Zerga eta Finantzaketa Politikaren azken Kontseiluan adostutako Gardentasun Lege berriak lehenik eta behin betebehar batzuk ezarriko ditu, legez, kudeatzaile publikoentzat, eta gero arau hauste eta zigor erregimena ezarriko du. Azken hori, gainera, handitu ahal izango da, gerora.
Ildo horretan, zigor erregimena aztertuko dute, berrindartzeko, eta arau-hausteak administrazio edo kontabilitate mailakoak diren zehaztuko da. Horrek Zigor Kodea aldatu beharra ekarriko du, baina neurri horrek ez atzeraeraginezko efekturik izango.
"Gobernu onerako Legea egingo dugu", esan du. Horrek kudeatzaileen betebeharrak ezarriko ditu, eta aurrekontuak egiteko, eta gehieneko gastua eta defizit helburua ezartzeko jarraibideak zehaztuko ditu.
Lan-erreforma
Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez du argitu lan-erreformaren ostean lan-kontratu mota bi baino ez diren izango (kontratu finkoa eta aldi baterakoa), eta, bestalde, lan-erreforma otsail erdirako onartua egongo dela iragarri du.
Saenz de Santamariaren hitzetan, lan-erreformaren harira, Gobernuak "argi" ditu gauzak; ondorioz Mariano Rajoyk inbestidura ekitaldian azaldutako epea (hiru hilabete) bete baino lehen aurkeztuko dutela esan du.
Lan-erreformaren oinarrizko helburuen harira, kontratu motak sinplifikatzea eta enpleguari egonkortasuna ematea azpimarratu ditu; izan ere, "zoritxarrez" egun aldi baterako kontratuak dira nagusi.
Luis de Guindos Ekonomia ministroak gaur bertan adierazi bezala Gobernua kontratu bakarra erabiltzearen alde dagoen galdetuta, Saenz de Santamariak esan du lan-erreforma aurkezten dutenean ezagutuko direla Gobernuaren neurriak.