Ekonomia -

Bilbo

Aburtok eta Garraio Ministerioak Feveren trena Zorrotzan lurperatzeko akordioa sinatu dute

Proiektuak, guztira, 55,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. Bilboko alkatearen esanetan, "zor historikoa" da, eta errealitate bilakatzen hasi da.

Juan Mari Aburto eta Raquel Sanchez ministroa. Argazkia: EFE.
Juan Mari Aburto eta Raquel Sanchez ministroa
2025ean trena lur azpitik pasako da Zorrotzan

1:14

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak (Bilboko Udalaren aldetik), Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak eta Adifek Feveren trena Zorrotzan lurperatzeko akordioa sinatu dute asteazken honetan Madrilen.

Proiektuak, guztira, 55,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du, eta lan hauek egingo dituzte; zabalera metrikoko bi kilometro trenbide eta lurpeko geltoki bat. Gainera, bi pasabide kenduko dituzte, eta inguruan eraldaketa urbanistikoa izango da.

Espainiako Gobernuaren aldetik, Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak sinatu du lankidetza-hitzarmena.

Ekitaldian, Ministerioak berretsi du konpromisoa duela "ziurtasuna hobetzeko, eta eguneroko bizitza-kalitatearekin". Hiru erakunde publikoek, 2019ko urtarrilean, protokoloa sinatu zuten, eta, horren ondorioz, Ministerioak tramiteei ekin zien, trenbide-jardueraren Ikerketa Informatiboa erredaktatzeko.

Hitzarmenak proposatzen dituen jarduerak hauek dira: Zorrotza auzoan zabalera metrikoko trenbidea lurperatzea, eta egun dauden bi igarobideak kentzea. Aurreikuspena da proiektua lau urtetan gauzatzea.

Alde guztien helburu komuna da trenbide-funtzionaltasuna hobetzea eta lekuaren erabilera optimizatzea; horretarako, Ministerioak zehaztu duenez, hiri-antolamenduan askatutako lurra eraldatu eta integratuko dute. Ministerioak nabarmendu ere nabarmendu du maila bereko bidegurutzeak kendu ahalko dituzte, hirigunea berreskuratu eta leheneratuko dute, eta, azken finean, herritarren bizitza-kalitateak hobera egingo du.

Aburto, oso pozik: "Zor historikoa da"

Hitzarmena sinatuta Europa Pressi egindako adierazpenetan, Bilboko alkatea "oso pozik" azaldu da; izan ere, hitzarmena "Zorrotzarako eta Bilborako garrantzitsua da". Aburtoren iritziz, "zor historikoa da, eta errealitate bilakatzen hasi da; hitzarmenean jasota dago aldeek zein egin behar duten, eta proiektua burutzeko epea lau urtekoa dela du ezarrita".

Nabarmendu duenez, erakundeek sei urte daramatzate proiektu honen aldeko borrokan, eta Zorrotzako herritarrei esan izan zaie "Alkateak eta Udalak beharrezkoa dena egingo dugula burutzeko"; hitzarmena izenpetuta, "apur bat gehiago, errealitatea da".

Alkatearen esanetan, prozesua "oso luzea" izan da; 2019ko urtarrilean sinatu zuten jarduera-protokoloa, eta orain, bi urteren buruan, "hitzarmena sinatu dugu": "Bereziki, Asier Abaunzaren taldearen lanari esker egin ahal izan da; gogor lan egin dute, eta hemendik aurrera berdin jarraitu beharko dugu, hau irteera baita, ez helmuga. Lau urte ditugu aurretik proiektua gauzatzeko".

Bestalde, azpimarratu du nola erakutsiko duen Bilbok bere konpromisoa: "Bilbotarrek ia 35 milioi euro jarriko dituzte; hori da modurik onena frogatzeko proiektuarekin nolako konpromisoa duten", zehaztu du.

Epeei dagokienez, Aburtok onartu du proiektu "zaila" dela; adierazi duenez, aurreikuspena da proiektu konstruktiboa 2022an lizitatzea, eta 2023an amaitzea; hala, urte horretan bertan lurperatzeko lana lizitatu ahalko litzateke, eta 2025erako proiektua burututa egon liteke: "Horixe nahi dugu; hala ere, jakin badakit lurperatze-lanak teknikoki zailak direla".

Azpimarratu duenez, une honetan garrantzitsuena da "proiektuak oraina eta etorkizuna" dituela, "atzerako bueltarik ez duela, eta Zorrotzako herritarrei ilusioa sortzen diela".

Gauzatuko dituzten jarduerak

Hitzarmenean aurreikusita dagoenez, lurpeko trenbideak 1.933 bat metro izango ditu Zazpilandapean eta Zorrotzaren erdian; Zorrozgoitin eta Zorrotzan dauden bi trenbide-pasaguneak kenduko dituzte, Bilbo-Santander lineako 643/926 eta 644/180 puntu kilometrikoetan.

Zorrotza parean, lurpeko geltokia egingo dute, eta hirigunean urbanizazio-eraldaketa gauzatuko dute.

Guztira, jarduera hauek 55,2 milioi euroko kostua izango dute (BEZik gabe). Adifek eta Bilboko Udalak 27,6na milioi ordainduko dituzte; Adifek trenbide-inbertsioen % 53,5 hartuko du bere gain, eta Bilboko Udalak, aldiz, inbertsio horien % 46,5 eta urbanizazioaren % 100).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko albisteak Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia EAJ Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea