Ekonomia -

Enplegu publikoa

Bitarteko langile publikoak behin-behinekotasunaren kontrako Errege Dekretuaren aurka mobilizatu dira

Euskal administrazioko beharginek dekretua atzera botatzeko eskatu diete alderdi politikoei. Izan ere, uste dute Europako Batasuneko jarraibideen eta epaien “kontrakoa” dela hori, eta aldi baterako langile publiko asko langabezian utziko dituela deitoratu dute.

Euskal administrazioko bitarteko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Argazkia: ELA.
Euskal administrazioko bitarteko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Euskal administrazioko bitarteko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Argazkia: ELA.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal administrazioko bitarteko langileak mobilizatu dira gaur Lakuan, alderdi politikoei eskatzeko enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko neurriak ezarriko dituen Errege Lege Dekretuaren kontrako bozka eman dezaten Kongresuan. Izan ere, lege hori Europar Batasuneko gidalerroen eta epaien "kontrakoa" dela uste dute, eta deitoratu dute horrek langabezian utziko dituela aldi baterako behargin asko.

Interinok Taldea eta ELA sindikatuko langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, eta auto-karabana egin dute kalerik kale euren egoera salatzeko.

Errege Dekretu horren arabera, aldi baterako kontratu publikoak gehienez hiru urtera mugatuko dira, eta bitarteko langileek betetzen dituzten 300.000 lanpostuak finko bihurtuko dira oposizio-lehiaketa bidez. Epe hori gainditzen ez dutenek 20 eguneko konpentsazio ekonomikoa izango dute lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 12 hileko soldataraino.

Interinok Taldeakeko Amaia Zarrabeitiak azaldu duenez, kolektibo horren ustean, Errege Dekretu hori, dagoeneko indarrean dagoena eta asteazken honetan Kongresuan bozkatuko dena, behin-behinekotasunari buruzko Europako jarraibideen eta Europako Batasuneko auzitegien epaien aurkakoa da.

Dioenez, Europar Batasuneko hainbat erakundek azpimarratu dute hautaketa-prozesuak ez direla "zigor" egokiak administrazio publikoek egindako "gehiegikerietarako", hau da: kontratuen behin-behinekotasuna luzatzea, lanpostu horiek egonkortzeko oposiziorik ez deitzea eta plaza nahikorik ez sortzea.

"Errege dekretuak ez dio inolako zigorrik ezartzen administrazioari, langileak dira kaltetuenak, eta hautaketa-prozesuetan parte hartzera bultzatzen gaitu. Urte asko daramatzagun jende asko ari zaigu langabeziara bultzatzen, administrazioak ez duelako oposizioak deitzeko betebeharra bete ", salatu du.

Zarrabeitiak azaldu duenez, ez dute karrerako funtzionario izatea eskatzen, baizik eta lanpostua uzteko arrazoiak berberak izatea, hau da: langile finkoak izatea edo "disuasiozko kalte-ordaina" lortzea. Izan ere, dioenez, modu horretan, kaleratzeen kostu osoa "hain handia" izango litzateke non enpleguen egonkortasuna "zero kostuko irtenbidea" izango litzatekeela. "Horrek mesede egingo lieke herritarrei eta administrazioei", azpimarratu du.

Halaber, argi utzi du enplegu legearen proiektua atzera bota nahi dutela, errege dekretuaren ildo beretik doalako, eta euren eskaerak betetzen ez badira mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak