Ekonomia -
Spanairrek jarduera eten du
Zer egin Spanairren billete bat erosi baldin badut?
Kontsumitzaileen elkarteen arabera, erabiltzaileek bidaia egiteko beste aukera bat edo aldez aurretik ordaindutako diruaren itzulera exijitu ditzakete.
Erredakzioa
Spanairrek jarduera eten eta hegaldi guztiak bertan behera utzi ostean, kontsumitzaileen elkarteek eta Kontsumorako Institutu Nazionalak egoera hauen aurrean bidaiariek dituzten eskubideak gogoratu dituzte.
Horrela, ostatua eta hegaldia pakete berdinean erosi dutenek bidaia egiteko garraio aukera alternatibo bat exijitu diezaiokete konpainiari. Halaber, aldez aurretik ordaindutakoaren itzulera eskatu dezakete, lehendabizi Spanairri eskaera eginez eta bigarrenez, AENAri erreklamazioa eginda.
Garraio titulua, hegazkineratzeko txartela eta konpainiarekin bidalitako eta jasotako mezu elektronikoak gordetzeko gomendatzen du Kontsumorako Institutu Nazionalak.
Bestetik, Spanairrek bidaiariak beste hegaldi batzuetan birkolokatu behar dituela gogoratu du Facuak, dirua itzultzeko aukeratu dutenak izan ezik, eta itxaroten duten denboran zehar, behar duten jana, edaria eta ostatua ere ordaindu behar die konpainiak.
Gainera, euren helmugara iristen ez badira, edo eskainitako ordezko garraioa, Spanairreko txartelean iragarritako ordu zehatza baino hiru ordu beranduago iristen bada, konpainiak 125 eta 600 euro bitarteko ordain-saria eman beharko die bidaiariei.